2000ko irailak 21, Osteguna | Irristatzen |

Interneteko jokoak

Sidneyko jokoen informazio guztia sarean

Duela lau urte Atlantako jokoak izan zirenean Internet oso uzkur agertu zen jokoetan, sarea orain denaren zati txiki bat baino ez zen eta. Egun, askoz ere erabiltzaile gehiago, ahalmen eta abiadura gehiago eta baliabide gehiago eskaintzen ditu sareak. Horregatiki, azken lau urteotan izan duen garapenaren ostean, dudarik gabe, hauek Internet aroko lehendabiziko jokoak direla esan daiteke.

Interneten balioa eta erabilgarritasuna are handiagoak dira, jokook Australian egiten ari direla kontutan hartzen badugu. Gure antipodetan komunikazio eraginkor eta merke hau eduki ezik ezinezkoa izango litzateke irla-kontinenteak hartu duen 21.000 kazetariren kopuru erraldoiak nork bere komunikabidearekin harremanik izatea. Horixe da, urrunegi joan gabe, EGUNKARIAK Sidneyra bidali dituen kazetarien tresna eta gainera sarean bertan aurki dezakegu Sidneyko berri ematen duen atal berezia eguneroko honen webgunean.

Antolakundeak garrantzia eman dio Interneti, jokoen berri zuzena ematen duen webgune ofiziala ezarriz. Bertan, 1.000 milioi bisita jasotzea espero dute. Badakite internauta askok jokoak sarearen bidez jarraituko dituztela, orduen aldeak ez baitie lehia gehienak zuzenean ikusten uzten, hemen gaua delarik. Segurtasun neurri zorrotzak ipini ditu IBMk webgune honetan, hainbeste bisitarirekin helburu erakargarria bailitzateke bere burua edo aldarrikapenak ezagutarazi nahi lituzkeen edozein hackerrentzat.

Euskal kirolariak banaturik dauden Espainia eta Frantziako batzorde olinpikoek ere badituzte webgune informatiboak. Frantziakoa nahiko osatua dago eta frantziako kirolarien berri ematen du luze eta zabal. Espainiakoak aldiz, ez du horrenbeste informaziorik eta gainera, gehiena batzordeari buruzko informazioa da, jokuen azken orduaz informatzen duen ataltxoa kenduta. Aipagarria da bertan federazio ez olinpikoen zerrenda bat badagoela eta bertan euskal kirolen arrastorik txikiena ere ez datorrela. Aldiz, bai kolonbofilia, eski nautikoa edo ehiza bezalako federazio batzuren izenak.

Webgune ofiziala
www.olympics.com
EGUNKARIAn
www.egunkaria.com/sydney
Frantziako Batzordea
www.franceolympique.com
Espainiakoa
www.sportec.com/coe

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner