2000ko irailak 14, Osteguna | Irristatzen |
Robotekin berbetan
Alegiazko istorio eta berriketa antzuak
Makina bat robot daude Interneten. Gehienak oso erabilgarriak dira eta bilaketa tresnetako arakatzaile eta sailkatzaile automatikoak dira, spider izenaz ezagutuak. Robot esaten zaio ere webgune batzuetan edukiak pertsonalizatzeko gaitasuna duten datu baseei. Gure izena ikasi eta gure gustuen araberako webgunea aurkezten digute haietako batzuek.
Baina bitxienak dira ustez bisitariarekin benetako elkarrizketak egiteko gai diren robotak. Galdera posible arruntenen eta gako-hitzen zerrenda bat dute, eta ohiko galderentzat ohiko erantzunak ematen dituzte. Bisitariak gako-hitz horietako bat idatziz gero, horretarako prest duten galderarekin erantzungo dute. Galderekin erantzun, bai, ezen poliziak galdeketa batean bezala, eurek ezer mamizkorik kontatu ez, baina datu guztiak zeuk eman ditzazun saiatzen dira uneoro.
Norberak edozein gauza idatzita ere, «Zergatik diozu hori?» eta horrelako galderak sarri egiten dituzte. Hori egiten du Alice robotak ingelesez eta gauza bera egiten zuen El Mundoren webgunean martxoan Aznar hautagaiaren rola zuen robotak. Honek, euskal auziaz galdetuz gero, ganorazko erantzunik eman ez eta mesedez gaiaz aldatzeko erantzuten zuen.
Beste robot interaktibo bat dugu Urban Legend Generator makina. Hainbaten artean aukera ditzakegun lau elementu konbinatu eta istorioa egingo digu robotak. Nori gertatu zitzaion, zein testuinguruan, zer gertatu zitzaion eta ondorioak zeintzuk izan ziren. Robotak guk aukeratu elementuak hartu eta erredaktatuko du istorioa.
Baina honen funtzionamenduak ez du aparteko misteriorik, emaitza irakurtzean egin ditzakegun barreak kenduta, ez baitu izango ez bururik, ez hankarik. Esaterako, elkarrekin josteko zailak diren elementuak nahita, robotak lotsarik gabe bilduko ditu eta hauxe kontatuko digu: «Badakit sinestezina emango duela baina guztiz egia da. Hipermerkatuan zegoen mutiko bati gertatu zitzaion. Gauaz, etxerako bidean gidatzen ari zela, suge pozointsu batek heldu zion. Gertatutakoaz konturatu orduko, ispiluan ezpainetako margoz idatzitako mezu beldurgarria irakurri zuen».
Alice robota
www.alicebot.org
Alison Robota
alison.alicebot.com/
Urban Legend Generator
toybox.asap.net/legend/