2000ko uztailak 27, Osteguna | Irristatzen |

Flyerrak sarean

Kultura digitalaren euskarri tipikoa bihurtuak

klubzale, partyzale eta teknofiloen ikur eta hedabidea bihurtu dira flyerrak. Sortzez eta tamainaz betiko oktabilaren ondorengoak dira, baina haietan mezu idatzia zen inportanteena. Aldiz, techno aroko euskarri honetan sortzaile eta diseinatzaileen lana eta arreta biltzen dira, lehia eta irudimena nabarmentzen dizkigute haiku grafiko hauek.

Estetika ausart batek mezua aurkezten digu, mezurik ere baduelako, baina bigarren begirada batean fijatuko gara partyrako deialdian edo webgunearen helbidean. Kartelaren izaera dute, oktabilaren neurria eduki arren, kartel kontzentratua.

Euskal Herrian, hegoaldean batez ere, ez gaude oraindik flyerrak ikustera ohituta baina emeki ari dira zirkulo teknofilo murritzetatik ateratzen, underground izateari uzten. Sarean badira flyerren gaineko hainbat webgune, technokultura eta ziberkultura eskutik baitoaz. Esaterako, Parisen sortutako Flyersweb. Bertan, galeria birtuala ikus dezakegu eta Barcelonako CCCBn antolatu duten lehiaketaren berri izango dugu. Urriaren 30a arte mundu osoko flyerrak onartuko dituzte lehiaketan. Flyer birtualak bakarrik onartuko dira, saretik igorritakoak eta ez paperean bidaliak. Hiru kategoria izango dira: flyer animatuak (paperean oraingoz islatu ezin direnak), estatikoak eta ikus-entzunezkoak.

Bestalde, Intuitive Music webgunean bada horien erakusketa birtuala. Bertan, besteak beste, Belio aldizkaria argitaratzen duten Pablo eta Javier IAren lanak ikusgai daude.


Flyersweb
www.flyersweb.com
Flyer Center Barcelona
www.cccb.org/flyercenter
Intuitive Music
www.intuitivemusic.com/contribu.html
BELIO
www.belio.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner