2000ko uztailak 6, Osteguna | Irristatzen |

Festarik festa

Sareak lagunduko digu parrandarako planak egiten

San Juan gauaz geroztik gauak –eta egunak ere– ez dira berdinak izaten gure euskal zeruotan. Gauak luzeagoak izanagatik askori laburrak egingo zaizkie udan. Gure hiztegi urrira neguan ahaztutako berbak ekartzen ditugu berriro, "txosna" esaterako. Elizkizuna izan ez arren, udako santu guztien zerrenda ezagutzen duenik ere izango da, seguruenik: San Juanen ostean, Pedro, Martzial, Elixabete, Fermin eta beste izen asko pilatuko dira, bata bestearen ostean, urriko San Faustoak heldu bitartean.

Sareak noizik behineko santuzaleon agenda prestatzen laguntza emango digu egunotan. Proba egin dezakegu edozein topatzailetan, "jaiak" hitza idatzita, eta hainbat erreferentzia aurkituko ditugu ziberespazioan euskal herriotako jaiei buruz informazioa eskuratzeko.

Informazio hori biltzen duen webgunea dugu jaiak.net direktorioa. Bertan, dataren, herrialdearen edo mobidaren arabera aukera ditzakegu festak. Beste aukera bat dugu festarik festako rallye bat segitzea.

Iragan berri diren SanMartzialak ageri dira Altza.net atari berrian. «Altzako hiribilduaren» webgune moduan iragarri zuten iragan astean Altzako Historia Mintegiko arduradunek. Jai berberak baina aldarrikapen ikuspegi batetik islatzen dira Irungo alardeari buruzko webgunean. Emakumeen eskuhartzearen aldeko webgunean hainbat iritzi eta albiste biltzen dira gai gorabeheratsu honen gainean.

Jai askoren berri aurki dezakegu ziberespazioan, baina dudarik gabe, gaur bertan Iruñean hasiko direnak famatuenak dira eta atzerrian osperik handiena ondo irabazitakoak. Mundu osoko internautek Sanferminen gaineko informazioa eskuratzen dute Sanfermin.com webgunearen bidez.

Jaiak.net
www.jaiak.net
Altz@net
www.altza.net
Irungo alardea
i.am/irundarra
San Fermin
www.sanfermin.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner