2000ko ekainak 8, Osteguna | Irristatzen |
Tattoomania
Tatuaiaren mundu paraleloa sarean
Egun, azala forma eta kolore bitxiekin marraztea eta margoztea oso modan dagoela esan beharrik ez dago. Giro marginaletatik atera ostean, nonnahi topa daitezke gure kaleetan arte mota zahar hau egiten duten lokalak. Hala ere, azala orratz tintadunaz zauritzen dutenek eta haien bezeroek sarean dute inspirazio iturri eta mundu mailako bilgune nagusia.
Ehunka, beharbada milaka webgune badira gai honen gainean. Nagusiek, Tattoos.com izenekoak esaterako, makina bat lotura eta kalitate oneko tatuaien argazkiak erakusten dizkigu. Bertatik joan gaitezke, esaterako, Illustrated Woman liburua eta beste hainbat argazki liburu egin dituen William DeMicheleren hainbat argazki eskainiko dizkigun galeria batera. Haren liburuak Proteus Press argitaletxearen webgunean kausituko ditugu.
Temptu webgunean aldi baterako baino ez diren tatuaietan adituak dira, ohikoetan bezainbat gutxienez. Oso webgune txukunean artista hauen lan egiteko era azalduko digute. Red Genie-n berriz, hiru artistaren diseinuak ikusiko ditugu. Egungo artista hauek era guztietako diseinuak dituzte: pop, tribalak eta heavieak, besteak beste.
Beste batzuek tatuaia mota zehatz bat jorratzen dute, Japoniako inperioaren garaiko diseinuak erakusten dituen Tatuaiaren Institutu Japoniarra kasu. Gaztelaniaz Tatuajes.com webguneak Espainiako eta Hego Amerikako hainbat lotura eta informazio eskaintzen digu, hala nola, bilera nagusien egutegia, tatuaiagileen aurkitegia eta Espainian eginiko diseinurik onenak.
Tattoos
www.tattoos.com
Illustrated woman
www.proteuspress.com
Temptu
www.temptu.com
Red Genie
www.redgenie.com
Japoniarrak
keibunsha.com
Tatuajes
www.tatuajes.com