2000ko maiatzak 25, Osteguna | Irristatzen |

Logelako emisora

Zuzenean eta mundurako, edonoren esku

Imaginatzen duzu mundu osorako etengabe emititzen egongo den irrati emisora bat abian jartzea? Eta zuzenean emanaldiak doan igortzea? Lehendabizikoa jada posible zen RealAudio, Windows Media Player eta horrelako formatoak erabiliz. Bigarren aukera, aldiz, ez da oraintsu arte edonoren esku egon.

RealAudio eta antzerako emisioak zuzenean emititzeko geuk eduki behar dugu zerbitzari bat eta bertan RealServer programa instalatu. Beste aukera bat da RealServer zerbitzua doan ematen duen zerbitzari bat kontratatzea. Edozein kasutan dirua jarri behar da horretarako, badakigu eta mundu honetan dena konpontzen duela urreak.

Baina doako aukera sortu berri da sarean Shoutcast sistema erabiltzen duen zerbitzari baten eskutik. Live365.com webguneak geure emisora birtuala abian jartzeko baliabideak eskaintzen dizkigu musutruk. Hasteko, Shoutcast formatoan zuzeneko emanaldiak emititzeko aukera ematen digute. Gure irratiaren seinalea egongo den helbide finko bat emango digute bertan izena emanez gero. Nahi dugunean erabil dezakegu zuzenean emititzeko eta, emisioa amaitutakoan, Playlist delakoa utz dezakegu aktibatuta.

Playlist edo zerrenda horrek modu automatikoan igorriko ditu etengabe guk aldez aurretik sarera igotako abestiak edo berbaldiak. Igoko dugun musikaren konpresio mailaren arabera, gehienez 100 orduko musika sar dezakegu guretzako izango diren 365 Megabyteko espazioan.

Izugarrizko hedapena lortu duen MP3 formatoa erabiliz, Shoutcast formatoak iraultza ekarri du emisioaren mundura. Berau entzuteko hainbat programa badira baina guk Audion gomendatzen dugu Macintosh sistema erabiltzen dutenentzat eta Winamp berriz Windowszaleentzat. Azken honek emititzeko ere balio du.

Doan emititzeko
www.live365.com
Shoutcast-en azalpenak
www.shoutcast.com
Audion
www.panic.com
Winamp
www.winamp.com
Programa bat
pagina.de/reggaeadictos

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner