2000ko maiatzak 18, Osteguna | Irristatzen |
Adierazpen librea
Freespeech: aktibismoa sarean irudi eta soinuen bidez
Egungo gizarte mediatikoan, gatazka politiko eta sozialean, hedabideek garrantzi gehiago hartu dute armek baino. Hedabideak kontrolatzen dituenak masaren pentsamendua kontrolpean du eta bere ideologia inposatzen die. Horren aurrean kontrainformazioaren indarra, ahalegin handia izan arren, txikia izan da eta urria bitartekoetan.
Sarearen aroan berriz, hasiera batean Internet denek aukera berdinak izango zituzten anarkiaren erresuma bazirudien ere, laster konturatu gara korporazio handien indarraz. Bitarteko teknologikoak, zerbitzari handi eta azkarrak, baliabide teknikoak eta dirua euren alde dagoelarik, zer egin dezakete txikiek horri aurre egiteko?
Sarean kontrainformazioaren diskurtsoarentzat baliabide teknikoak lortzea lehendabiziko urratsa behar zuela konturatu ziren Freespeech.org zerbitzariko sortzaileak. Interneten bidez soinuak eta bideoa igorri daitezkeela ohartzean, horrelako materialak ekoizten dituzten kolektiboei sarean emititzeko baliabideak eskaintzeko proiektua jarri zuten abian. RealAudio sistema atera berria zuen Progressive Networks enpresaren laguntza izan zuten hasieratik. Arrakastaren ondorioz edo, RealNetworks izena hartu zuen gerora Progressive Networks-ek, esanguraz kargatutako aldaketan.
Ordutik hona hazi baino ez da egin "progressive" ekimen hau –ez dakit "aurrerazalea" edo "ezkerrekoa" hitzekin itzuli behar den– eta egun 8.000 webgunetik gora ditu bere baitan: Zapatisten altxamenduari buruzko bideoak eskura daitezke bertan. Seattleko gatazka, Mumia Abu Jamal, Brasilgo "sem terra" mugimendukoak eta beste hainbat ere bai. Euskal Herriko berri ematen duen webgunerik ere bada bertan: "Euskal Herria Journal" eta presoen aldeko webguneez gain, helburu dokumentala duen "Euskal Herria eta Askatasuna" topa dezakegu, bideoz eta abestiz ondo hornituta.
www.freespeech.org/ehj
www.freespeech.org/presoak
www.freespeech.org/askatasuna