2000ko apirilak 27, Osteguna | Irristatzen |
Anaia handia(k)
Sarean sortutako ideia telebistan
Telebistaren bidezko voyeurismoa da azken hit-a iragan igandeaz geroztik. Alemaniako telebistan egundoko arrakasta izan ondoren, Espainian "Gran hermano" izenarekin Telecinco-k abian jarri duen ikuskizuna denen ahotan dabil, izugarrizko publizitate kanpaina egin baitute eta sekulako morboa eragiten baitu ikusiak izan gabe ikusteak.
Baina ezer ez omen da originala egun, eta saioa asmatu duten holandar ekoitzetxekoek ziurrenik Interneten izan dute inspirazio iturri nagusia. Etxe batean hainbat txokotan kamarak –webcam batzuk– ezarri eta eguneroko bizitza arruntaren erakusle bihurtutako hainbat internauta badira munduan. Jennicam aitzindariaren ostean beste batzuk izan dira, Anacam edo ikusleek eskatutako emozioak islatzen saiatzen den Eric kasu.
Baina batzuetan gerta daiteke "erakusleak" egun txarra izatea edo esateko ezer interesgarririk ez edukitzea, eta denbora asko estimatzen duen internautak bere webgunetik alde egingo du ziurrenik. Horregatik aukera egitean sexu, gatazka eta umore dosiak ziurtatuko dizkien protagonistak kontu handiz aukeratu dituzte telebistakoek, audientzia jaitsiz gero ez bailegoke publizitatea saltzerik.
Baina zer gertatzen da anaia handia nor den eta zer ikusten ari den ez dakigunean? Orwellen liburuarekin askoz antza handiagoa duen Echelon anaia handia hor dagoen frogak gero eta gehiago dira eta Echelon ez da telebista saio bat. Horri kale kantoi askotan dauden begi elektronikoak gehituz gero zer pentsatu edo "bikoitzpentsatu" ematen du.
Telebista saioa
www.granhermano.com
AnaCam
www.AnaCam.com
JenniCam
www.jennicam.com
Eric
www.emotioneric.com
Eztabaidak
www.marketingdirecto.com