2000ko apirilak 13, Osteguna | Irristatzen |
Berakatz birtuala
Acid Trip webgunearen ikus-entzunezko aluzinazioak
Sareko beste gauza asko bezala birtuala da Acidtrip.com webgunearen intoxikazio lisergikoa ere. LSDaren apologia egiten badu ere, funtsean estetikoa da webgunearen helburua, nabigatzeko programek dituzten ahalmenak ahal duen neurrian baliatzen baititu giro psikodelikoa sortzeko.
Azido birtual honen sortzaileak, hala ere, kimikaren aldeko baino gehiago naturazale azaltzen dira: "Nahiz eta LSD bidaia ondo dagoen, azidoak nola pentsatzen duzun aldatzen du, ez zer pentsatzen duzun. Peyotea eta onddoak hobeto daude, ez baitute zure burua izorratzen", diote.
Acidtrip.com domeinura heldu bezain laster nabigatzailearen pantaila mugitzen hasiko zaigu, zoro baten moduan. Agian ordenagailua izorratu zaigula pentsatuko dugu, baina ez gara larritu behar, Java, Javascriptak eta Appletak erabiltzen ditu barra-barra webguneak, hortaz, ez da ordenagailu eta nabigatzaile zahar xamarrentzat gomendagarria.
Jarraian, kaleidoskopio baten antzera mugitzen den fondo baten aurrean irudi psikodelikoak ageriko zaizkigu gira-biraka, girotzeko musika aproposa entzuten dugun bitartean. Horrelako pantaila batzuk igaro ostean, denetarik dagoen menura helduko gara: komikietako Freak Brothers anaia famatuak protagonista diren abentura interaktiboa ikusi ahal izango dugu, Keith Haringen bidaia azidoa, zure bikotekidea "eraldatuta" ikusteko aukera izango duzu, eta RealAudio, Shockwave, DHTML, Java eta Gif animazioak konbinatzen dituen "benetako bidaia" ikuskatzeko modua izango duzu. Webgunearen debekapenaren aldeko lana egin duen Steve Rambam-i atal berezia dedikatzen diote Acidtrip.com-eko lagunek.
Bidaia hasieratik egiteko
http://www.acidtrip.com/
Aluzinazioen menua
http://www.acidtrip.com/PAGE_B.htm
Loturak
http://www.acidtrip.com/links