2000ko martxoak 9, Osteguna | Irristatzen |

Bidaia merkeak

Behe denboraldiko aukeren sukarra

Azken urteotako turismo industriaren garapena izugarria izan da, dudarik gabe. Konpetentziak ekarri du monopolioen amaiera eta prezioen merketzea, aspalditxotik Europan zeuden mailetara heltzeraino. Sarearen garapena, berriz, joera hori areagotzen ari da: alde batetik sarearen bidez eragiteak agentziei bidaiak oraindik merkeago jartzea ahalbidetzen die, kostuak izugarri jaisten direlako. Bestetik, azken momentuko eskaintzak eskuragarriago jarrita, errazagoa dute internautek aukera merkeak lortzea.

Behe denboraldian, agentzien arteko lehia pizten da eta prezioak inoizko baxuenak izaten dira. Bilbon oso ezaguna den Unlimited agentzia aukera berezietan aditua da eta sarean zenbait informazio baditu. Ohiko agentzia gehienak ere badaude present paketeen eskaintzekin.

Baina agentziak eta paketeak ez dira sareko aukera bakarrak. Hegazkin konpainiak ere hasi dira zuzenean saltzen eta tarifa merkeen erreserba zerbitzuak "online" jartzen. Iaz, British Airways-ek "Go-fly.com" domeinupean zabaldu zuen Europa osotik Londresera joan-etorria egiteko hegaldi merkeen zerbitzua. Bataz beste, 18.000 pezeta inguru kostatzen da bidaia eta inoiz 13.000 pezetan aurki daiteke, denboraldiaren arabera. Berriki, Iberiak tarifa merkeen erreserba zerbitzua jarri du abian eta antzeko prezioetan eskaintzen du Kanar Irletarako bidaia. Besteak beste, New Yorkerako bidaia 38.000 pezeta kosta daiteke.

Trenez ere bidaiak erreserba daitezke SNCFen zein RENFEn. Gazte eta ikasleentzako karneten gaineko informazio baliagarria ere badago webgune hauetan. Discount Airfares webguneak Holandatik EEBBetako aukerez informatzen du. Informazio orokorragoa lortuko dugu, berriz, Agencia de Viajes eta Como Viajar atarietan.

HELBIDE INTERESGARRIAK
www.unlimited.es
www.renfe.es
www.sncf.fr/
www.etn.nl/
www.iberia.com/
www.go-fly.com
www.agenciaviajes.com
www.comoviajar.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner