2000ko otsailak 24, Osteguna | Irristatzen |
Talde berrientzat aukera
Musikarien promoziorako, erakuslehio eta saltoki egokia
Iragan astean ikusi genuenez, sareak laguntza eskaintzen die musikariei. Baina musika jotzen ikasteko ezezik, taldeei euren promoziorako bide bikaina damaie Internetek. Taldeari –edo bakarlariari– buruzko informazioa hedatzeko, musika internauta guztien esku jartzeko eta abestiak "online" saltzen dirua irabazteko bidea ere badute sarean musikari ezezagunek eta hasiberriek.
Horiexek dira, esaterako, Vitaminic zerbitzariak musikariei eskaintzen dizkien zerbitzuak. Talde edo bakarlariak, Vitaminic-ekin kontratu ez exklusiboa sinatuta, zerbitzariaren baitan haren txokoa izateko eskubidea du. Bertan, taldeari buruzko informazioa agertuko da eta zenbatgura abesti zuzenean entzuteko zein jaisteko moduan. Abestiak zuzenean entzun daitezke saretik, RealAudio sistemaren bidez. Gure gustokoak baldin badira, abestiok gure ordenagailura ekartzeko aukera izango dugu, CD kalitatea duen MP3 formatoan.
Batzuk doan jaitsiko dira eta beste batzurengatik ordaindu beharko dugu. Abestiei salneurria jartzea artistaren esku geratzen da. Vitaminic irabazien erdia eramango du eta artistak beste erdia. Vitaminic-ek eskaintzen duen kontratuaren arabera, artistak libreki ezarriko du bere abestien salneurria, betiere gutxieneko batetik gora. Cordeles de viento talde lasartearrak Vitaminic-ekin sinatu du eta Amores y ficciones izeneko diskotik lau abesti jarri ditu Vitaminic-en. Laurak doan eskura daitezke, RealAudio zein MP3 formatoetan.
Beste talde batzuek, berriz, nahiago dute euren webgune propioa sortzea eta bertan, taldeari buruzko informazioa emateaz gain, erakusgarri moduan abesti batzuk denen eskura jartzea. Hori da Bermeoko Proyecto Genoma taldearen kasua. Diskoa berriki grabatuta eduki arren, oraindik ez dute inongo disketxerekin argitaratu baina promoziorako bi abesti jarri dituzte taldearen gaineko webgunean.
Vitaminic
www.vitaminic.com/
Zona Musical
http://zm.nu/
Proyecto Genoma
www.euskalnet.net/iruss/