2000ko otsailak 3, Osteguna | Irristatzen |

Ugazabaren aurka

Meneratutako langileen adierazpidea sarean

Inoiz beste batentzako lan egin duenak badu pertsonaia honen berri. Beti aginduak ematen dabilen hori ez da erraza begikoa izatea. Baina zer gertatzen da Jefeak ezertarako balio ez duela pentsatzen dugunean?

Peter-en printzipioaren arabera, langileak merituen arabera igotzen doaz eskalan, harik eta ezertarako balio ez duten lekura heltzen diren arte. Gainera, langile askok ikusten dutenez, aldez aurretik ere inkonpetentea zen jefe asko bada munduan, diruak, familiak edo beste faktore askok enpresaren buruan kokatutako ganorabakoak.

Frustrazio horren adierazpidea sarean aurkitu dute langile askok. Myboss.com webguneak babesa eskaintzen die, euren ezgaitasuna frogatzen duten pasadizuen bidez kontatzeko aukerarekin. Istorio bitxi eta barregarri asko daude leku honetan, langile batek kontatutakoa kasu: «nire zuzendariari grafiko bat aurkeztu nion. Ez zen osorik pantailan agertzen, hura baino handiagoa zelako. Sorpresa handiz hartu zuen nire nagusiak baina are sorpresa handiagoa izan zen nirea, zuzendaria pantailara hurbildu eta albo batetik begiratzen hasi zenean, ea horrela irudia osorik ikusten zuen».

Istorio eta komentario horiek guztiak bildurik, Myboss.com-eko sortzaile Claude Carter-ek liburu bat argitaratu du, Working for a looser izenekoa. Bertan gure jefea tentela dela frogatzeko egoera sorta aurkezten zaigu. Carter-en esanetan, «ugazaba batzuk, hain kokoloak izanik, barregarriak dira. Egoera bat konpontzen saiatzen direnean gauzak erremediorik gabe okertzen dituzte». Horrelako jefeekin harremanak bideratzeko aholkuak ematen ditu Carterrek.

Antzeko lekua da Disgruntled webgunea. Hau ere liburu eta guzti dator eta nagusiak izorratutakoen frustrazioen ihesbidea da langile askorentzat.

Myboss.com
http://www.myboss.com/
Disgruntled
http://www.disgruntled.com/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner