2000ko urtarrilak 20, Osteguna | Irristatzen |
Underground telematikoa
Hacker-en oihartzuna hedatuz doa
Hedabide guztietan gero eta leku gehiago ari dira hartzen. Gero eta gehiagotan entzuten dira haien gaineko pasadizuak eta beti harritzen gaituzte hacker-en azkeneko balentriek. Gero eta garrantzi gehiago hartzen ari dira hackerrak, euren ekintzek izan ditzaketeen ondorioengatik. Irudi topikoaren arabera, hacker-ak inolako irabazi asmorik gabe ibiltzen dira, sareko segurtasun hesi guztiak bortxatzen, euren trebezia frogatzearren.
Baina hacker guztiek ez dituzte planteamendu etiko berdinak eta adibidez, aste honetan bertan jakin ahal izan dugu hacker talde batek 12 enpresa handiren ordenagailuetatik informazio konfidentziala lortu ostean dirua eskatu diela enpresa horiei informazioa ez erabiltzearen truke.
Egun oso estimatuak dira hacker-ak goi mailako teknikari moduan. Duela gutxi segurtasun enpresa batek ospetsuenetariko batzuk kontratatu zituen bertan lan egiteko. Bestalde, zibergerrarako soldadu estimatuak dira, NATOk Jugoslavia erasotu zuenean frogatu zenez. Duela aste batzuk Bill Clintonek zibergerrarako programa militar berria iragarri zuen, hainbat milioi dolarreko aurrekontua jarri eta gero. Iragan astean zabaldu zenez, 15 eta 17 urte bitarteko bost gazte EEBBetako programa nuklearraren ordenagailuetan sartu ziren, pasahitzak lortu eta gero.
Espainian badago hacker talde ezagun bat, !Hispahack taldea. Duela gutxi Guardia Ziblilaren domeinua gay-entzako webgune batera desbideratu zutenak ez diren arren, ez dute haiekin harreman onik izan eta, agian, hori konpontzeko asmoz, segurtasun akats baten berri eman zioten benemerita-ri.
Hemendik gomendatuko dugun programa batean agertuko dira, aurki, pertsonaia hauetako ezagunenak. Espainiako La 2 telebista kateak Internet, zona peligrosa izeneko erreportaia eskainiko du hilaren 23an, arratsaldeko zortzietan. Bertan, hainbat hacker ezagun agertuko dira, baita poliziak eta sekuritatean adituak ere.
Hispahack
http://hispahack.ccc.de/
Euskal Hackerrak
http://mipagina.euskaltel.es/plarranaga/euskaltxackerrak.htm
Twisted News
http://www.twistednews.com/minds/index.htm