2001ko urtarrilak 18, Osteguna | Irristatzen |
Kafe bat, mesedez
Minutu eta erdiko laburren lehiaketa irabazi du
Zerbitzariak ekarri bitartean, minutu eta erdi dugu Hispavistak antolatutako Minuto y medio film laburren lehiaketan irabazleak nortzuk izan diren kontatzeko. Guztira 92 lan aurkeztu ziren bertan eta epaimahaiaren saria Publio de la Vegak zuzenduriko El cafe lanak eraman du.
De la Vega madrildarrak taberna batean kafe bat eskatu duen gizon baten pasadizuak kontatzen ditu 86 segundutan. Laburra egiterakoan, umorezko sketch bat aurkeztea otu zitzaion eta horixe izan da irabazlea. Horrela, De la Vegaki nahikoa denbora izan du, bestela askoz gehiagorako ez bailuke emango minutu eta erdiak. Epaimahaia Julio Orione idazle eta gidoigileak, Pascal Gaigne musikariak eta Juan Miguel gutierrez zuzendari espainiarrak osatu dute, besteak beste, eta 150.000 pezetako saria eman dio irabazleari.
Baina epaimahaiak emandakoaz gain, publikoak hiru sari eman ditu bozken bidez. Lehendabizikoa, 100.000 pezetako sari batekin, El duelo lanak eraman du, Bartzelonako Chupacabra kolektiboak eginikoa. Labur honetan familia bateko aitak erronka botatzen dio bere emaztea bortxatu eta hil egin zuen gizonari. Bigarren sailkatua, 50.000 pezetako sariarekin, Lived 1.5 izan da, Bartzelonako David Conill-ek eta Laura Vila-k egina. Hirugarren saria Bilboko Aritz Arangurenek eraman du. Berak eginiko La practica lanean unibertsitateko irakasle batek ikasleari bere autoritatea bortizki erakusten dio, honek lan baten entrega atzeratzea eskatu eta gero. Deustuko unibertsitatean dabilen Aritz benetako gertakarietan oinarritu da labur honen gidoia egiteko.
Irabazle suertatu diren filmak Hispavistaren Minuto y Medio webgunean daude ikusgai, eta aurtengo lehiaketaren edizioa martxoan hasiko da.
Hispavista
www.hispavista.com
Laburren lehiaketa
www.minutoymedio.com