2001ko urtarrilak 25, Osteguna | Irristatzen |
Sundance online
Zinema independientearen jaialdia sarean
Zineman sareak hartu duen garrantziaren hamaikagarren erakuslea dugu aste honetan aipagai. Egunotan EEBBetako Salt Lake City hirian ospatzen ari den Sundance film jaialdia maisuki egokitu da Internetera.
Sundance jaialdia Ipar Ameriketako zine independientearen jaialdirik garrantzitsuena da. Bere sortzaile Robert Redford aktoreak 1981ean lankide eta lagun taldea bildu zuen Sundance Institute sortzeko, Institutuak zuzendari eta gidoigile hasberriak laguntzeko xedea du eta Hollywooden sarbiderik ez duen zinema dramatiko independientea zein dokumentala garatzeko laguntza emateko helburua.
Urtero 400 zinemagilek esku hartzen duten programez gain, institutuaren ezaugarri nagusia urteroko jaialdia da. Sundance film festival hilaren 18tik 28ra ospatzen ari da Utah-ko mormoien hiriburuan, laku gaziaren ertzean. Aurtengo edizioan 106 luzemetrai aurkeztu dituzte.
Digitalizazioa nabarmentzen da, film gehienak formato digitaletan aurkeztu baitira. Urtero bezala, gai sozial eta politikoak ageri dira, Chiapas Media Project kasu eta zinema transexuala ere present dago Sundance-n, Brasilgo Princesa eta Southern Comfort filmen bidez. Atal berezia du jaialdian EEBBetako indiarren kulturak.
Aurtengo berrikuntza nagusia Interneten erabilera da. Hainbat webgunetan bereiztuta, jaialdiaren eta institutuaren informazioa ematen dute eta jaialdiaren online bertsioan 30 laburmetrai sarean ikusgai izango dira. Laburmetraiak hiru multzotan sailkatuta daude: animaziozkoak, bideo digitalekoak eta interaktiboak. Online film jaialdiko bideoak ikusteko nahikoa izango dugu izen bat eta e-posta helbide bat asmatzea eta sartzen utziko digute.
Sundance institutua
www.sundance.org
Sundance Channel
www.sundancechannel.com
Online jaialdia
www.sundanceonlinefilmfestival.org
Resource Center
www.sundanceonlineresourcecenter.org