2001ko otsailak 1, Osteguna | Irristatzen |

Siritinga erresuma

Fikziozko irratinobela Interneten

Irrati esperientzia berria jarri dute martxan Espainiako Radio 3 irratian, fikziozko irratinobela bat, irratian bertan eta sarean entzungai dagoena. Cuando Juan y Tula fueron a Siritinga du izena eta abentura magikoen sorta da, kapituluka kontatua.

Bere programazioan puntako musikaren aukera ona eta ikuspegi gaztea duen espainiar irrati publiko horretan berrikuntzak maite dituzte. Horregatik bururatu zitzaien irratinobelen generoa berreskuratzea. Halabaina, gaia ohiko serial radiofonikoen oso bestelakoa da. Fantasiazko mundu batean kokatutako kontakizun epikoa da, Juan eta Tulak Siritinga mundu sinestezina muztur batetik bestera igarotzeko biziko dituzten abenturena.

Dudarik gabe, Star Wars filma inspirazio iturri izan dute mundu hau diseinatu duten gidoilariek, baita Tolkienen Hobbit-aren abenturak ere. Antzerkiaren kutsua ezinbestekoa du irratisail batek, noski. Hau entzunezkoa denez, eta darabilen gai fantastikoagatik ipuina oroitarazten du gehiago. Fantasia hori gure buruan gorpuzten laguntzen duten efektu digitalak oso landuak dira.

Irratisail hau astean hainbat bider errepikatzen da baina kapitulu guztiak sarean entzungai daude, nahi dugun momentuan entzuteko, RealAudio, Windows Media eta MP3 formatoetan entzun daitezke. Sarean entzungai daude ere, sarean soilik, egileek kromoak deitu dituztenak. Kromo hauek Siritingako munduaren hainbat alderdi deskribatzen dituzten soinu dokumentuak dira. Lehiaketa batean ere esku har dezake internautak, tarteka-marteka agertu eta desagertuko diren kromo horiek bilduz eta bilduma Radio3era bidaliz.

Bi hilabete daramatza martxan esperientzia berri honek eta jada 9.000 bisitari jaso ditu webguneak. Siritingofiloen munduan murgiltzeko irratia edo ordenagailua, zerorrek aukeratu.

Siritinga
www.rtve.es/rne/siritinga

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner