2001ko otsailak 22, Osteguna | Irristatzen |
Lan bila
Sarean lana topatzeko bideak
Eta lana diogu, ezen lanpostua aurkitzea pixkat zailagoa da, behin-behineko lanen ondoan. Egunotan, Eusko Jaurlaritzak lanbide.net webgunea aurkeztu du, lan bila dabiltzanentzat baliagarria izateko asmoz Egailan agentzia publikoak sortu du. Bertan, telematikoki Langain izena eman dezakegu, baita lan bila nabil atalean eskaintzak ikusi. Oraingoz eskaintza gutxi daude, espero dezagun laster gehiago agertzea.
Baina erakunde publikoak ezezik, lana aurkitzeko bitartekari lanak egiten dituzten hainbat webgune daude aspaldi honetan sarean. Hispavistaren eskutik Gipuzkoan sorturiko trabajos.com da interesgarrienetakoa. Askoz ere lan eskaintza gehiago ageriko zaizkigu sektore guztietan. Azpimarratzekoa da nork bere curriculum-a egiteko ematen duten laguntza.
Beste webgune interesgarri batzuk ere badira, monster.es, esaterako. Empleopublico.net-ek administrazioetako eskaintzei erreparatzen die bereziki eta infojobs.net oso ondo baloratuta dago. Halaber, aldi baterako lana eskaintzen duten enpresak ere sarean presentzia dute, ia denek.
Bestalde, sarean telelana dugu jaun eta jabe, sarearekin oso lotuta baitago. Badakigu, Javier Etxeberria jakintsuak hala esan du eta, aintzinako euskal gizartean etxea produkzio unitate bihurtzen ari dela atzera. Gero eta ugariagoak diren –garen– telelangileak etxetik edo telelan zentruetatik egiten dute beharra. Telelangileak normalean autonomoak izaten dira, freelance, hizkuntza modernizatua erabili nahi bada.
Askotan telelana prekarietatearekin lotuta badago ere, badira euren burua dirutan ondo baloratzen duten profesionalak ere. Guru webguneak funtzio zehatza du: profesional independienteak eta une jakin batean euren beharra duten enpresariek harremanetan jartzea. Ondo dago bertara bisitatxo bat egitea, EEBBetako telelangileen cache-a nolakoa izaten den ikusteko eta nork berearekin konparatzeko.
www.lanbide.net
www.trabajos.com
www.guru.com
www.empleopublico.net
www.canalcv.com
www.infojobs.net