2001ko martxoak 8, Osteguna | Irristatzen |
Emakumeak.org
Sarea feminismoaren adierazpide
Estatistiken arabera, Internet gizonezkoen eremua da, dudarik gabe. Irudi gehiagotan ageri dira emakumeak, hori bai, baina gizonezkoen gozamen erotikorako. Emakumeak protagonista diren webgune komertzial batzuk sortu dira azken urtean, puntucom sukarraren baitan, baina nosotras.com eta mujerweb.com marujentzako atariak dira. Webgune komertzial horiek kontserbadoreak dira, emakumeak kontsumitzaileak dira, ez ezeren subjektu.
Ez dirudi, ordea, emakume guztiak prest daudenik sarean egokitu zaizkien rol horiek onartzeko. Era guztietako aktibismoak bezala, lehenagotik dabiltza sarean feministak marujistak bezala, askoz diru gutxiagorekin bada ere. Politika, ikuspegi akademikoak, feminismo erradikala, lesbianen aldarrikapenak, artea, gutxiengo etnikoak... Alderdi anitz ikuspegi askotatik aztertuta aurkituko ditugu amaraunean.
Politikoki erradikalak izateaz gain, itxura ikusgarria duten emakumeak dira Guerrilla Girls kolektibokoak. Tximino mozorro batekin aurpegia izkutatzen dute, euren arte-aldarrikapen ekintzak kolektiboak direlako eta aurpegi motz horien atzean zer egongo den misterioak jendearen arreta pizten duelako: ĢEdonor izan gaitezke eta edonon gaudeģ, diote guerrillagirls.com-en hasierako orrialdean.
Ikuspegi ez hain erradikalarekin eta fronte kulturalean bada emakumeentzako unibertsitate elektronikoa abian jarri duen talde bat. Feminista! aldizkariak saio interesgarriak biltzen ditu eta emakume ospetsu zenbaiten diskurtsoak bilduta daude Gifts of Speech webgunean eta DistinguishedWomen.com helbidean haien biografiak eskaintzen dira. Mujeres En Red webgunean, besteak beste, emakumeen grebari buruzko informazioa dago.
Feminista!
www.feminista.com
Unibertsitate elektronikoa
www.wvu.edu/~womensu/index_sp.htm
Mujeres en red
www.nodo50.org/mujeresred
Gifts of Speech
gos.sbc.edu/k.html