2001ko martxoak 29, Osteguna | Irristatzen |
Nike berriro
Esplotazioa, brodatzeko hitz ezegokia
Ezagunak dira sarean Nike eta Adidas multinazionalen aurka dauden boikot kanpainak. Langileen esplotazioa eta haurren erabilera salatzen duten hainbat webgunetan aktibistek sweatshop edo izerdi fabrikak salatzen dituzte.
Azken albistea Nike-k berak ekarri du, bere azken kanpainarekin. Enpresaren webgunean sartuta, internautek azken kirol oinetakoak pertsonalizatuta eska ditzakete, modeloa eta koloreen konbinazioa euren gustora aukeratzeaz gain bezeroak nahi duen hitza edo esaldia brodatuko baitiote oinetako horietan. Jonah H. Peretti internauta estatubatuarrak eskabide telematikoa bete zuen, sweatshops hitza graba ziezaioten eskatuta. Handik gutxira ezezko erantzuna jaso zuen Niketik: «Zure pertsonalizazio agindua bertan behera utzi dugu», ez omen zetorrelako enpresaren arauekin bat, «hitz ezegokiak» izateagatik.
Hemen mezuen eta erantzunen sorta hasi zen, Perettik ez baizuen amore eman. Hitz ezegokia ez zela eta «oinetako horiek brodatzen dituzten umeak gogoratzeko» aukeratu zuela argudiatu zuen eta euren kanpainaren leloa gogorarazi zien, beronek «aukeratzeko askatasuna eta nork bere izaera adierazteko askatasuna» goraipatzen zuelako. Berriro Nike-ren ezetz borobila jaso ostean Perettik bere eskaera aldatu zuen: «Brodatuko didazue nire zapatak egingo dituen neskato vietnamdarraren argazki bat?». Erantzunik ez du jaso Perettik, baina mezu sortak mundu osoari hainbat buelta eman dizkio jada eta Nike-k sweatshops hitza brodatzeko hainbat eskaera jaso ditu.
Guk Nike-ra jo eta sweatshops idatzi dugu gure oinetakoak diseinatzean, baina sistemak ez digu pertsonalizazio hori onartu. Euskarara jo dugu orduan, esklabutza idatzita eta sistemak onartu digu, euskaraz ez dakien seinale.
Nike
www.nike.com
Just do it!
www.geocities.com/Athens/Acropolis/5232
Mezuak
shey.net/niked.html