2001ko apirilak 5, Osteguna | Irristatzen |
Birus palestinarra
Injustice izenekoa, ez da kaltegarria
Palestinarren aldeko birusa informatiboa dela esan daiteke, kutsatutako ordenagailuaren disko gogorrari ez baitio kalterik egiten, baina molestagarria da. Ustez Palestinaren aldeko ekintzaile batzuek sortu dute, birusen komunikazio boterea aurkitu duten ekintzaileak. Izan ere, birusak palestinarren egoeraz informatuko gaitu eta, ondoren, bere burua hedatuko du kutsatutako ordenagailutik posta bidez beste batzuetara.
Programa edo birus honek Windows sistemako ordenagailuak kutsatzen ditu Outlook Express posta programa erabiliz. Sortzaileek I love you eta antzeko birusek duten antzeko egitura duen programa sortu dute baina kalterik eragiten ez duena. Kutsatuz gero, Script-aren amaieran ageriko zaigun mezuak dioenez, «Ez kezkatu, birus honek ez dio ezer egingo zure sistemari. Mesedez, barkatu eragozpenak».
Birusa dakarren mezua iristen zaigunean honelako izenburua izango du: Re: Injustice. Barruan, zure izena ageriko da, zure izena eta helbidea gordeta zituen norbaiten ordenagailua kutsatu duelako: «Dear [zure izena], Did you send the attached message? I was not expecting this from you!». Mezuari atxekita, injustice.txt.vbs artxiboa dago. Zabalduz gero, israeldarrek hildako 12 urteko ume baten istorioa azalduko zaigu eta irakurtzen ari garen bitartean mezua gure libretan dauden lehendabiziko 50 helbideetara bidaliko da automatikoki, baita israelgo gobernuarekin zerikusia duten 25 helbidetara. Amaitzeko, birusak Explorer nabigatzailea zabalduko digu eta bertan palestinarren aldeko sei webgune erakutsiko dizkigu, israelgo armadaren kontrako mezuak erakusten dizkigun bitartean.
Birus kaltebakoa da Injustice hau, baina israeldarrek ez dute berdin pentsatuko. Sarean sekulako gatazka dago baina bertan indar gehiago du palestinarren aldeko kausak.
www.wired.com
www.addameer.org
www.btselem.org
www.israeldefenseforce.com