2001ko maiatzak 17, Osteguna | Irristatzen |
Zinema trinkotua
Interneterako filmen jaialdi berria
Notodofilmfest, trinkotutako zinema jaialdiak, bere izenak iradokitzen duenez, Interneterako eginiko filmen jaialdia da. Hispavista atariak antolatutako Minuto y medio lehiaketaren arrakastak beste batzuk ere animatu ditu eta horrela sortu dute Notodofilmfest.
Bestea bezala, hau ere zinemagile hasiberriek euren laburmetraiak bidal ditzaten du helburu. Hark minutu eta erdiko iraupena jartzen zuen mugatzat. Honek berriz, filmak 3,5 Megabyte ez pisatzea ipini du ezinbesteko eskakizun moduan. Filmen kalitatea ezeze, konpresio mailaren eta kalitatearen arteko erlazioa bezalako arlo teknikoak ere baloratuko dira sariak ematerakoan. Filmak jasotzeko epea apirilaren 24an hasi zen eta ekainaren 30an amaituko da.
Jaialdi hau Plus.es atarian Javi y Luci segundu gutxitako gag barrabasak egin dituen Javier Fesser zinemagilearen eta notodo.com aldizkariaren ekimenez sortu da. Fesser-ek lehenago El milagro de P. Tinto bezalako filmak egin ditu bere Pendleton ekoitzetxearekin.
Jaialdia antolatu duen Notodo.com aldizkaria aipatu dugu eta biziki gomendagarria da bertara bisitatxo bat egitea. Interneten egun diren kultura aldizkaririk onenetarikoa dugu, Bitniks.es-en estilokoa, diseinu erakargarri batekin kalitatezko gaien aukera eskaintzen diguna. Izan ere, ez da harritzekoa Notodo.com-en kalitatea, berau La Fabrica-ren ekimena dela kontutan hartzen badugu. La Fabrica Espainiako kultura enpresa garrantzitsua da, besteak beste kalitatezko argazkiak eta joerak biltzen dituen Matador izen handiko aldizkaria egiten duena.
Film jaialdia
www.notodofilmfest.com
Notodo
www.notodo.com
La Fabrica
www.lafabrica.com
Hispavistarena
www.minutoymedio.com