2001ko maiatzak 24, Osteguna | Irristatzen |
Iparraldeko musika
Taldeen eta kontzertuen informazioa sarean
Euskal Herrian Iparraldea eta Hegoaldea banatzen dituen muga hor dago eta zentzu askotan gainera. Telefonoz komunikatu nahi izanez gero nazioarteko deia agertuko zaigu fakturan, gure operatzailea bertokoa izanda ere. Baina Interneten mugak desagertzen dira eta hori baliatu dute Iparraldeko musika talde askok euren produkzioa hegoaldeari eta munduari begira jartzeko, mugak gainditzeko.
Esaterako, Iparkor webgune sortu berrian 16 hardcore talde biltzen dira oso modu txukunean, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Bakoitzaren gaineko informazioa aurkituko dugu, audio laginak eta guzti, eta eurekin kontaktua egiteko modua.
Beste talde batzurekin horrelako lana egiten Kultulan dago aspalditxotik sarean eta hainbat talderi buruzko informazioa aurki dezakegu euren webgunean: Txo, Irrintzina, Zaund, Skunk, Zapozain, Mister Saguak eta Zpeizurdiak. Haietako batzuek euren webgune propioa dute, Hendaiako Skunk kasu. Honek webgune txukuna eta nahiko handia edukitzeaz gain, bere Skunk Diskak disketxearen webgunea ere ezarri du sarean. Beste disketxe bat, askoz lasaiagoa berau, Agorila dugu eta bere katalogoa online jarri du salgai, frantsesez eta ingelesez, hainbat kantu entzuteko aukerarekin.
Emanaldiei dagokienez, bogaboga.com edo beste atari batean informazioa aurki badezakegu ere, zehazki musikari buruzkoa nahi badugu, Iparraldean egiten diren kontzertuen agenda aurkituko dugu agenda64.com webgunean. Agendaz gain, musika taldeen informazioa, kontzertuak programatzen dituzten lokalen gida bat eta musika tresnen salerosketa gunea kausituko ditugu bertan.
Skunk
http://skunkdiskak.free.fr
Agorila
www.agorila.com
Amanita Records
www.amanitarecords.com
Kultulan
perso.wanadoo.fr/kultulan
Iparkor
www.iparkor.ht.st
Agenda 64
www.agenda64.com