2001ko maiatzak 31, Osteguna | Irristatzen |
Probokazioa
Sentimenduekin jolasten duten webguneak
Internet maltzurkeria guztiaren topalekua den ideia bidaltzen zaigu komunikabide handietatik eta hemendik ez dugu ideia oker horretan sakonduko. Egia da, ordea, sareak adierazteko askatasuna ematen diela guztiei eta batzuek azken muturreraino eraman nahi dutela besteak harritzeko eta sutzeko gaitasuna.
Esaterako, animalien defendatzaileak harrituko dira Bonsai Kitten webgunea bisitatuz gero. Bertan katukumeak kristalezko poteetan sartuta bonsaien antzera molda daitezkeela hazi ez daitezen eta potearen formara egoki daitezen. Sinestezina delako begitantzen zaigu webgune faltsua dela, hots, ez direla horiek katuekin horrelakorik egiteko gai izango. Baina denek ez dute horrela ikusi eta probokazioan jausi dira.
Oso itxura serioa du webguneak, atariko azalpen baten ondoan katuen bonsai teknikak azaltzen dizkigute eta denda batean pizti koitaduak sartzeko edukiontziak saltzen dizkigute, neurri eta forma ezberdinetakoak, hori guztia inoiz animalien eskubideak aitatu barik, noski. Horregatik euren guestbook edo bisita liburua mezuz josita ageri da, kontrakoak eta aldekoak. Ez dirudi Cats United-eko kideei grazia handirik egin dienik eta haien kontrako kanpaina aldarrikatzen dute. Manolete hil zuen Islero zezenaren zaleek harrapatuko balituzte...
Antzeko tono aseptikoa eta, eskubideak inoiz aipatzen ez dituenez, bilatzen duten kontrastea lortuz, giza okela saltzen ei duen ziberharategi bat. Euren webgunea irakurrita, fama ona duen negozioa dirudi eta kalitateko okela baino ez omen du banatzen. Akaso sormena lantzeko ariketa moduan planteatu dute egileek, baina batzuek zein besteak giza eskubideak eta animalienak erabat ahaztuta sentimenduak dituzten internautak harritzeko eta haserretzeko gaitasuna erakutsi dute behintzat.
Katuak botiletan
www.bonsaikitten.com
Katuen alde
www.catsunited.com
Isleroren alde
www.geocities.com/RainForest/Vines/7213
Giza okela
www.manbeef.com