2001ko uztailak 19, Osteguna | Irristatzen |
Festibal gehiago
Sarekoak zein karpapekoak
Gure artean diren jaialdi handiek, berezituek eta makrofestibalek Internet aurkitu zutela esan genuen duela aste batzuk eta jazzaldia.com aipatzea ahaztu zitzaigun. Hori esan ostean, gogora ekarri behar dugu ere beste batzuek sarea nonbait ahaztu dutela, 2000. urteko sukarra pasatuta. Hori gertatu bide zaio iragan asteburuan antolatu zuten Bilbao Tropikal-ekoei, euren bilbaotropikal.com webgunea ez baitute berritu. Ez hori bakarrik, domeinua bera iraungitu zitzaien eta egun 2.500 pezeta (100 libera) ordaintzeko prest dagoen edonoren esku dago.
Gero eta sarriago topatzen ditugun Interneteko zinema festibaletan bat aipatu genuen lehengoan, Notodofilm festibala eta guretzak sorpresa atsegina izan den Edu Gonzalez eta bere lagunen Tropo Films zinema lantegiak sorturiko Tendedero laburra aurkeztu zuen Notodo-ra eta iragan astean sarien banaketa izan zen. Izkutuko arrazoiak aipatzen dituzte La Tropo-koak, gu ez gara horretan sartuko, baina kontua da ez dutela Tendedero saritu, ez du sari bakar bat ere jaso, eta sari nagusia eraman duen Mi novia ikusita ez da erraz ulertzen.
Aipatu beharra dago ezpal bereko beste labur bat aurkeztu dutela Tropokoek, Belengo jaiotzarena azaltzen duen parto berri bat, ia aurrekoa bezain ona. Eta saritutakoen artean, El Fary eta El exorcista Flashez eginikoak dira.
Baina harat hunateko ibili festibaleroan beste batzuk aurkitu ditugu. Duela bi aste aipatu genituenak kenduta. Esaterako, beldurrezko laburretan berezitutako Conde Struch-ena edo era guztietako laburrak dituen Canal Corto.
Tropo Films
www.tropofilms.com
Concepcion
ftp://Notodofilmfest.plus.es/Festival/concepcion6.rm
Conde Struch
www.feriadelcomic.com/struch.htm
Canal Corto
www.canalcorto.com/