2001ko irailak 20, Osteguna | Irristatzen |
Hacker-okupa-baskoak
Leioako Hackmeeting-a begipuntuan
Okupa guztiak terroristak diren egun hauetan badirudi data txarrak aukeratu dituztela Leioan hackerren kongresua egiteko. Gasteizko Gaztetxea, Kukutzakoa eta Bartzelonako Kasa de la Muntanya terroristen habiak ei dira eta hortaz, Leioan terrorista modernoen biltzarra prestatzen ari dira asteburu honetarako.
Leku txarra ere aukeratu zuten Euskal Herria aukeratuta eta, zehazkiago, etxe okupatu bat. Azkar ibili dira batzuk hacker-okupa-terrorista trinomioa osatzen eta osagarri horiekin pentsatzekoa zena gertatu zen: «ETAk sator lana egin nahi du hackerren artean» irakurri ahal izan dugu Leioako hackmeeting-a dela eta.
Hedabideetan hainbeste saltzen duen sarearen irudi ilun horrekin topo egin dugu atzera. Interneten pornografia, pedofilia, narkotrafikoa, terrorismoa, iruzurrak eta zoofilia besterik ez dagoela ematen du. Kukutzan «material informatiko ugari» atzeman zuen poliziak eta, hala esanda, badirudi zerbait maltzurra duela informatikak. Telefonoa ere erabiltzen dute gaizkileek eta hala ere ez zaio inori bururatzen Bell-en asmakizuna kondenatzea.
Ezagutzen ez dugunari beldurra diogu gizakiok, generalizazioa eta satanizazioa dira hurrengo mekanismoak. Ondo dakite hori, egunotan jasaten ari direlako, EEBBetan bizi diren musulmanek. Kukutzako ordenagailu horiek Leioako topaketarako ziren hain zuzen, bertakoek azaldu dutenez, Linux ikastaroak emateko. Hor dago hirukotea lotzen omen duen elementua. Identifikazio maltzur hauek baliagarriak izan zaizkie madrilgo agintariei bertako El Laboratorio gune okupatua ixteko, bertan, okupak izateaz gain, denbora asko ematen baizuten ordenagailuen aurrean. Hori guztia salatzen du Agencia en Construccion Permanente (ACP) berpiztuak bere webgunean. Indymediaren antzera eratua ageri da orain ACP, eta akaso bere mundu mailako sarean sartzeko xedearekin.
Bertan irakur dezakegunez, EEBBetatik erakunde eta herrialde islamiarretako webguneak erasotzeko deia zabaldu dute, uhin patriotikoan sartuta. Horren aurrean, Chaos Computer Club (CCC) hacker taldeak zibergerraren aurkako kanpainia jarri du abian. Internet terrorismoaren tresnatzat jo dute komunikabideek eta iragan astearteko erasoa prestatzeko erabili zutela baieztatu dute. Horrek pribazitatea bortxatzeko lizentzia eman dio FBIri, hainbat zerbitzaritan bere Carnivore zelatatze programa instalatuz, Hotmail famatuan kasu.
Baina Leioara itzulita, Sindominio-n bertan aurki dezakegu bertako topaketaren webgune ofiziala, iaz beste squat batean izan zen Bartzelonakoa legez. Ostiraletik igandera hainbat gai interesgarri izango dira hizpide Udondoko gaztetxean: Enfopol, kriptografia, software librea, informazio alternatiboa, ziberpunk-a, artibismoa, makinen okupazioa, hacker filosofia, phreack-a... Denak oso susmagarriak.
Bide batez, aipatu behar dugu Indymediaren euskal adarra sortu nahian dabilela Hemen eta Munduan plataformaren inguruko jendea. Horrek zeresanik emango du, Satan modernoetako beste batekin topo egin baitugu: globalizazioaren aurkakoak.
Hackmeeting Leioa
www.sindominio.net/hmleioa01/
Alemaniakoa
www.hackmeeting.org
ACP
acp.sindominio.net
Indymedia
www.indymedia.org
CCC
www.ccc.de