2001ko irailak 27, Osteguna | Irristatzen |
Eragin kolateralak
Gaizkia Vs. Ongia eta zentsura sarean
Gainera datorkigun gerra bera nahikoa eragin bada ere, duela aste biko sarraskiak bestelako ondorioak izan ditu EEBBetako gizartean. Gainera, mundu osoko biztanleok alde bat aukeratu beharrean ei gaude, cowboy-ak argi esan digunez: edo berarekin gaude edo terroristekin. Ez da aukera erraza gehienontzat.
Bushek berak Gaizkiaren aurkako gerra iragarri du, Satanen kontra arituko den Gabriel aingerua bailitzan. Baina, sarea lekuko, Bin Laden gaizkiaren adierazletzat ageri da erasoen aurretik ere. Esaterako, Bert-ekin ageri den argazkian. Bert Sesame Street-eko pertsonaia ustez errugabearen atzean gaizkia izkutatzen da Bert is Evil goiburua duten hainbat webgunek azaltzen digutenez. Inoiz entzun izan dut EEBBetako sektore eskuindar zenbaiten arabera Ernie eta Bert (Epi y Blas gaztelaniaz) bizimodu homosexualaren goraipamena egiten zutela. Baina argazkiek erakusten dute askoz ere maltzurragoa dela. Bin Laden-en ondoan ezezik, Dallas-en ageri da beste argazki batean, Kennedy hil zuten egunean. Beste batzuetan Ku Klux Klan-en sartuta, Hitler-en ondoan ikus dezakegu, Woody Allen-en Zelig bailitzan.
Bide batez, Allen eta umore beltza aipatu behar ditugu, zurrumurru batzuren arabera Manhattan-eko zinemagilea ez baizen inondik ageri eta akaso hondamendiak harrapatu zuela zabaldu zen. Zenbait albiste faltsu hedatu dira egunotako zurrunbiloan. Esaterako, CNNk erasoengatik poza adierazten erakutsitako palestinarren irudiak 1991koak zirela ere zabaldu zen Interneten bidez eta Indymediak hori gezurtatu berri du. Ez dakit umore beltza, sineskeria edo egia ote den, baina egunotan sarean eskurik esku dabilen argazki batean deabruarena dirudien aurpegi bat ikus daiteke kezko bola batean, hegazkin batek dorreetako bat jotzen duen unean.
Gogoratu behar dugu Bill Gates bera gaizkia dela dioten beste hainbat webgune daudela. Sarea da lekuko eta, jada Microsoftek bere webgunetik kendu dituen arren, bere Flight Simulator jokoa iragartzeko Concorde bat erakusten zuen dorre bikien ondotik pasatzen. Iragarpen premonitorioa ikusi dute batzuek. Pragmatikoek, berriz, Bin Ladenen gizonek aurki erabili duten tresna baliagarria, euren erasoa prestatzeko. Simulatzaile hau salduena eta osatuena ei da eta benetako aire zibileko nabigazioa sentitzeko dagoen tresnarik zehatzena. Bada, urte amaieran aterako den bertsio berriak ez ditu dorreak izango. Are gehiago, oraingo bertsiotik kendu nahi badugu, Microsoft-ek doan eskaintzen duen patch-a jaitsi besterik ez dugu.
Badirudi amerikarrek euren historiatik ere ezabatu nahi dituztela dorreak eta haiek gogorarazten duten gauza guztiak. Derrigortuta gaizkiaren eta ongiaren artean aukeratzera behartu nahi gaituzten egun hauetan zalantzagarria den guztia zentsuratu, baztertu egiten ari dira egunotan EEBBetan, musika bera kasu. Hegazkinekin, gerrarekin edo New York-ekin zerikusia duten 150 abesti Ğez ipintzeko gomendatuğ du emisora katerik handienak, tartean Sinatraren New York, New York edo Lennonen Imagine, azken hau egun ez baita politikoki zuzena.
Bert is Evil
www.roadskate.de/bertisevil
Flight Simulator
www.microsoft.com/games
Indymedia
www.indymedia.org