2001ko urriak 4, Osteguna | Irristatzen |

Piztien alde

Sarraskiaren aurkako kanpainia telematikoak

Irailaren 10eko gauean, Tucson-eko (Arizona) ALF-en bulegoan mezu eletronikoa jaso zuten. Ekintzaile talde izengabe batek bere gain hartu zuen bi egun lehenago EEBBetako hiri horretan McDonald’s enpresaren janari arineko leku bat guztiz kixkali zuen sutearen ardura. Kalte ekonomikoak milioi erdi dolarrekoak izan ziren multinazionalarentzat.

Interneten bidez jasotako aldarrikapena posta elektroniko zerbitzari izengabe bat, proxie edo remailer bat erabiliz bidalia zen. Hauek mezua zein ordenagailutik bidali den jakitea ezinezkoa egiten dute. Ekintzaileen hitzetan, Mc Donalds hori erre zuten «munduko korporazio guztiei abisua emateko». Agirian globalizazioak lurrari eta animaliei –gizakioi zein besteei– eragiten dizkion kalteak aipatzen zituzten ekintzaileei.

Aspaldi honetan Mc Donalds izan da era askotako ekintzaileen xedea (langabetuak, laborariak, animalien aldekoak, globalizazioaren kontrakoak...), sinbolo moduan duen presentziagatik agian, eta globalizazioa, animalien erabilera eta prekaritatea bezalako hainbat ezaugarri biltzen dituelako. Hala, Interneten ere, Mc Spotlight webgunea izan zen aitzindaria korporazioen trapu zikinak aireratzen dituzten webguneetan. Webgune horretan, janariaren kalitatearen azterketa kritikoak, zerbitzarien lan baldintza eskasak, publizitatearen bidez umeen manipulazioa, animaliekiko krudelkeria, ingurugiroaren kutsadura salatzen ziren eta hainbat langileren kexuak agertzen ziren. Aipagarria da ere Ronald McDonald pailazoa urte askoan haragitu zuen langilearen testigantza, enpresaren praktikak salatuz.

Oso famatua izan da azken urteotan webgunea itxi dezaten multinazionalak epaitegietan egin duen borroka momentuz antzua. Izan ere, kalte handia egiten dio honelako enpresa bati testigantza disidente horrek, diseinu erakargarriz egina, enpresak urtero mundu osoan gastatzen dituen bi mila milioi dolarren ondoan, mundu osoaren esku dago oso diru gutxigatik eta kalte handia egin diezaioke amerikar erraldoiari. McDonals-en aurkako mobilizazio eguna deitu dute mundu mailan McSpotlight-ekoek urriaren 16rako.

Baina izkutuko interesik dagoenik ezeztatzeko eta haren lehiakideak onuratu ez daitezen, antzeko beste enpresen aurka ere altxatu dira fronte informatibo telematikoko ekintzaileak. Burger King-en kontra antzeko webgunea egin du People for the Ethical Treatment of the Animals (PETA) elkarteak eta beste bat Wendy’s-en aurka. Kanpainiek eragin handia izan dute enpresa hauetan eta erantzun positiboa izan dute, kanpainia bertan behera uztearen truke animalien tratu onerako eta kalitatearen jagoterako konpromisoak sinatuz.


McSpotlight
www.mcspotlight.org
Murder King
www.murderking.com
Wicked Wendy’s
www.wickedwendys.com
PETA
www.peta.org
ALF
www.animalliberation.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner