2001ko urriak 18, Osteguna | Irristatzen |
Bideojokoak arte moduan
Etorkizuneko arte formak bere historia du
Artea egiteko forma berriak web diseinua eta bideojokogintza dira, etorkizunean arte adierazpide bezala finkatuko direnak. Austriako Linz hirian irailan ospatutako Ars Electronica-ren aurtengo edizioan horixe ondorioztatu zuten arte elektronikoaren guruek. Bideojokogileek urte hauetan guztietan eginiko lana ordaindu nahi izan du eztabaidetatik ateratako ondorio honek, sorkuntza lana izugarria izan baita, baliabideak urriak zirenean batez ere, halako soinu, mugimendu eta irudi ikusgarriak izan dituzten jokoak lortzeko. Jada gazte belaunaldiaren bizitzako soinu banda osatu dute, jaiotzetik hona, makinen diseinuzko zaratek.
Jokoei dagokienez, jada 30 urteko historia dute, biltzea interesgarria izan daitekeen bilakaera, aurrehistoria eta guzti. Egungo Playstation eta GameCube garatuetarainoko bide luzean aurrehistoria ere badago. Osziloskopio bat erabiliz Tennis for two izeneko jokoa asmatu zuen ingeniari batek EEBBetako laborategi nuklear batean. Geroago, 1962an, MIT institutu ospetsuko ikerlari batzuek Spacewar! izenekoa sortu zuten, erregai kopuru mugatua zuten bi espaziountziren arteko lehia. Egileak ez zuen jokoa erregistratu nahi izan, batez ere sekulako ordenagailua behar zelako eta, hala, orduko ARPAnet sarearen bidez hedatuta, software libreko lehehenengo jokoa izan zen hura.
Geroago, telebistari lotutako aparailua aurkeztu zuen Ralph Baer-ek, Magnavox enpresak 1972an Oddysey izenaz merkaturatu zuena. Baina bideojokoen eztanda ekarri zuen bideojokoa Pong izan zela esan daiteke, telebistarekin joka zitekeen ping-pong joko sinplea, gure inguruotan Tennis izenaz ezagutu zena, 1972an Atari izeneko enpresa berriak ekoiztua. Gurean, 1977 aldean, taberna batzuetan agertzen hasi ziren jokoak, Jaws, Death Race, Asteroids eta Space Wars kasu. Ondoren, soinua etorri zen 1978ko Space Invaders mitikoarekin. Mitikoak izan ziren ere martiztarrak akatzeko jokoetan kolorea eta abiadura biziak zituzten Galaxian eta Phoenix. Horien ondore,n 80ko hamarkadarekin, arcadeak agertu ziren, abentura jokoak: Space panic , Pole Position, Kung-Fu eta Pacman izan ziren jokatuenak, 1984ko joko olinpikoen karietara atera zen Hyper Sports bezala.
Hurrengo hamarkadan jokoek abiadura, ahalmena eta errealismoa irabazi zuten, gure Interneteko garaietaraino heldu arte. Sarean Flash jokoak edonon aurki daitezke eta, bideojokoetan, azken-azkena aitatu behar dugu, Osama Bin Laden pertsonaia nagusia den jokoa dugu Cyberextruder.
Baina badira aspaldiko jokoen xarma eta sinpletasuna maite dituzten internauta asko. Zorionez, hauetariko asko egun ere joka daitezke eta ez da beharrezkoa orduko kontsola bat telebistarekin konektatzea edo bost minutuko audio zinta, zaratez beteta, ordenagailura pasatzea. Nahikoa izango da Mame programa eskuratzea. Mame emulatzailea da eta ROM izena duten kartutxo birtualak behar ditu, Mame bera bezala sarean eskura daitezkeenak.
Pong-en historia
www.pong-story.com
Bideojokoen historia
www.designboom.com/eng/education/pong.html
Osamaren jokoa
www.cyberextruder.com
Mame
www.mame.net
www.macmame.org
www.mame.dk