2001ko azaroak 1, Osteguna | Irristatzen |

Irratia.roots

Euskal irrati digitalak urtebete

Gaurkoa lako batean, iazko domusantu egunez, hasi zen irratia.com-en ibilbide telematikoa. Efemeridea ospatzeko reggae kontzertua izango da bihar Bilboko Kafe Antzokian eta azaroan hainbat euskal musikariren emanaldiak emitituko dira zuzenean Bartzelonatik.

Zuzeneko emanaldi baten bidez sareratu zen estrainekoz irratia.com, Fermin Muguruzari eginiko zuzeneko elkarrizketa batekin. Hortik aurrera hainbat irratsaio egin izan dira zuzenean, denetarikoak. Kanta eta olerki emanaldiak, bertsolari txapelketak, Korrikaren gainekoak, rock kontzertuak, musika elektronikokoak... Horrez gainera, zazpi musika kanalek musika mota ezberdinak sareratzen dituzte etengabe eta hainbat musikarirekin elkarrizketak daude entzungai.

Irratsaio finko bat ere badago, Jalgi Hadi Dantzarat!, asteazken gauero musika elektronikoari eta teknofiliari buruz jarduten duena eta chat berriketaren bidez entzuleekin aldi bereko interakzioa lortzen duena. Jada entzule teknofilo iluminatu fidelen zirkulotxoa sortu da irratsaio honen inguruan. Bertan grabatutako elkarrizketa interesgarrien sorta aurki dezakegu «Euskal kultura digitalik ote dagoen» edo egongo ote den jakiteko xedea duen atalean. Izan ere, irrati honen helburu agerikoa da «euskal kultura digitalizatzea, kultura digitala euskalduntzea», euskaldunok eremu digitalean ere, hau da, bihar-etziko gizartean, gaurdanik eta euskaldun moduan present egon behar dugula argi dago, euskaldun jarraituko badugu. Komunikazioaren munduko pertsonaiei eginiko elkarrizketak aurki ditzakegu.

Biharko kontzertuan Loud & Lone and The Sound Dealers taldeak joko du doan 22.00etatik aurrera. Bertako Dubby taldekideak irratia.com-en egiten duen Ambassah Sound System irratsaioa gehien entzuten dena da, Euskal Herritik kanpoko entzule reggaezale asko baititu. Sound Dealers moduan hemengo musikari sorta izango da, besteak beste, BDFko Iñaki Yarritu, Akatz-eko Iñigo Elexpuru eta Ambassadors-eko Dubby, Goiko eta Oskar. Interneten bidez ere entzun ahal izango dute Bilbora hurbildu ezin direnek.

Taldekideengatik ezezik, bestelako loturak daude irratia.com eta reggearen artean, izan ere, Interneten bidez emititzen den Reggaeadictos irratsaioa izan zen inspirazio bide garrantzitsua Asociacion Cultural Reggae-ren eskutik. ACRkoek sortu duten azkena, reggae-news.net ataria izan da, software librearekin egina eta eredu partehartzailea duena albisteen bilketan.

Baina biharko kontzertua ezezik, azaroan eta abendu hasieran hainbat zuzeneko emanaldi entzuteko parada izango dugu. Iaz bezala, Bartzelonako Euskal Etxearekin elkarlanean, Euskal Herria al CAT jaialdiko ekitaldiak zuzenean emitituko dira irratia.com-en mundu osorako. Besteak beste, Mikel Urdangarin, Guillermo Trujillano, Pomada, Maixa eta Aitziber, Zure Gura, Juan Mari Beltran, Morau, Mikel Telleria, Oreka TX, Gozategi eta Kepa Junkera.

www.irratia.com
www.reggae-news.net
www.reggaenews.co.uk/loudandlone.html
www.acreggae.com
www.ehalcat.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner