2001ko azaroak 8, Osteguna | Irristatzen |
Ikara eta barrea
EBBetan izututa, kanpoan umore beltza nagusi
Irailaren 11ko erasoek egundoko eragina izan dute Interneten, lehenago aipatu izan dugun moduan. Antrax gaitzaren krisiak jarraipena eman dio amerikarrek bizi duten beldurrari. Kontraeraso moduan, sarean nagusi diren amerikarrek bibotedun eta turbantedun guztien aurkako kontraerasoa iragarri dute, baina ba dute ziberespazioan nori kontra egin? Onartu behar dut entzun nuenean barre egin nuela ezen ez baitago Interneten zer erasotu Ben Ladenen aurkako gurutzada berriaren izenean... Edo agian bai.
YIHAT webgunea ez da gerra santurako islamista erradikal batzuek sortutakoa, dirudun amerikar batek sortu duen hacker taldea baizik, Young Intelligent Hacks Against Terrorism taldea. Kimble Schmitz izeneko hacker aberatsak sortu zuen talde honek frogarik eman gabe aldarrikatu duenez, arabiar banku zenbaiten ordenagailuetan sartu eta ustez terroristak diren batzuren diruen gaineko informazioa eskuratu dute EEBBetako gobernuari emateko. Hala ere, hauen lana gutxietsi zuen cracker baten erasoa jasan behar izan zuten YIHATekoek duela bi aste, Fluffi Bunni izeneko cracker famatuak webgunea eraldatu eta Young IDIOTIC haxOrz and terrorists idatzi zuen.
Erridikulutzat hartuak izan dira YIHATekoek hacker komunitatearen baitan, afganiar sarea blokatuko zutela iragarri zutenetik. Ez da gauza zaila izan behar Internet debekatuta dagoen herrialdea baita. Hala ere, afganiar ziberespazioa deitu izan dutena, egia esan, talibanen gobernuaren aurkako webguneak dira eta, noski, zerbitzariak Afghanistanetik kanpo dituzte denek.
Beste erreakzio barregarri xamarra Anthrax taldearena izan da. Erasoen ostean debekatutako (ez ipintzea aholkatutako) abestien zerrenda argitaratu zutenean ez zuten Anthrax metal taldearen abestirik debekatu, oraindik gaitza hedatu barik baitzegoen. Duela egun batzuez gero, ordea, izen hori denen ahotan dabil eta taldeak –amerikarrak eurak azken finean– izan duen jokabidea aipagarria da. Taldeak, hainbat urtez izen hori harrotasunez eraman ostean gertaerek eta patriotismo uhinak gaindituta, izena aldatzea erabaki du. Aurrerantzean Basket full of puppies izena hartuko du, «zerbait maitagarriagoa jarri behar genuela erabaki baitugu» taldeak berak bere webgunean arrazoitzen duen moduan. Era berean Spreading the disease (gaitza hedatzen) diskaren izenburua «jolasa» besterik ez zela diote euren burua zuritzeko. Orain arteko jarrera erasokorra itxurakeria hutsa zen, beraz.
EEBBetako gizartea erabat ikaratuta dagoen bitartean, handik kanpoko herrialde askotan txantxak, marrazkiak, argazki faltsuak eta era guztietako umore beltza da nagusi eta sarean islatzen ari da hori. Arabiarrek, espainiarrek, brasildarrek, euskaldunek eta beste hainbatek horrelako materialak sortu eta imbecil.com bezalako webguneak bilduma egiten ari dira. Batzuk egiantzekoak ziren eta gezurtatu egin behar izan dituzte, azken argazkia erakusten zuena bezala. Beste batzuek fotomuntaiak egiten dituzte Anthrax taldearekin eta Ben Ladenekin.
YIHAT
www.kill.net
www.kimble.org
Rock taldea
www.anthrax.com
Afghan Web
www.afghan-web.com
Muntaiak
www.imbecil.com