2001ko azaroak 15, Osteguna | Irristatzen |

Kamarak agerian

Anaia handien aurkako protestak

Astea hiru kazetariren heriotzarekin hasi da. Afganistango gerran Frantziako RTL eta RFI irrati kateetako berri emaile bereziak hil dira Talibanen segada batean, baita Stern aldizkariko kazetari alemaniar bat ere.

Radio France International-eko kazetari Johanne Sutton-en heriotzaren berri aurkitu ahal genuen astelehenean bertan RFIren webgunean. Bere azken kronikak entzun ahal izango ditugu bere ahotik webgunea bisitatzen badugu, baita hil zituzten erasoa nola gertatu zen ere, lankide batek kontatutako testigantza zirraragarrian. Gauza bera egin dezakegu RTL irratiaren kasuan, Pierre Billauden gaineko informazioez gain, haren ahotsa entzungo baitugu bere kroniketan. Hil aurreko azkenean Iparraldeko Aliantzaren guneetan emakumeek pairatzen duten egoeraren inguruan jardun zuen.

Eta biharamunean, telebista kamerek New York-eko Queens auzoan gertatutakoa erakutsi ziguten, berriz ere hegazkin batek jo du hiria, oraingoan The Ramones-en auzoan, Rockaway-en. Badirudi hiri horretan dena aldatu dela irailaren 11az geroz, baina badira iritziz aldatu ez diren ekintzaile batzuk bertan: «Ezer ez da aldatu, beraz, dena dago aldatzeko» diote euren Webgunean Surveillance Camera Players taldekoek. Hainbeste kamarek ezin izan zuten erasoa ekidin eta aurrekontu ikaragarri handiak edukita ere, inteligentzia agentzia ezberdinak, FBIk eta hiriko poliziak ez zuten erasoari buruzko informaziorik atzeman. «Hobe lukete espioitza teknologikoa uztea eta kalean ibiltzea», diote agirian. «Arazoak beste era batera konpondu behar dira» esanez, Terrorismoaren aurkako lege berriaren aurka agertzen dira, intimitatearen aurkako neurri gehiago baitakartza horrek.

Taldea New Yorken sortu zen 1996an, They like to be watched lelopean. Leku publikoetan dauden zaintza kamerak bertatik ken ditzaten kanpainia egiten dute «kamerek gure pribazitate eskubidea bortxatzen dutelako», webgunean azaltzen dutenez. Euren aurkakotasuna adierazteko modua, hain zuzen, kamera horiexen aurrean ezarrita ikuskizunak antolatzea da, kamaron presentzia agerian uzteko xedez.

«Bakarrik zerbait izkutatzeko dutenek ez dute nahi kamarek zelatatuak izatea nahi» dioen topikoaren aurka azaltzen dira eta batez ere izkutuko kamerak dira salagarriak euren aburuz. Kamarak jagoten gaituela jakiteko eskubidea ere badugulako gutxienez. Kolektibo hau sortu dutenak Not Bored taldekoak dira, artista-anarkista-situazionistak dira eta New Yorkeko elkarte psikogeografikoa ere sortu dute, eraikin itsusien aurka.

Kamara asko dauden lekuak gartzelak dira EEBBetan, haietako batzuk Internetera konektatuta gainera. Horietako batean, heriotzaren karrajuan dago Urtainen iloba Pablo Ibar eta beste batean dago Thomas Miller, bere lagunek diotenez «beltza eta pobrea izateagatik», herritar zuriz osatutako epaimahai batek kondenatua.

www.rfi.fr
www.rtl.fr
www.stern.de
www.surveillancecameraplayers.org
www.notbored.org
www.crime.com/info/jailcam.html
Pablo Ibar
www.pabloibar.com
Thomas Miller
people.txucom.net/five

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner