2001ko azaroak 22, Osteguna | Irristatzen |

Ihesaldi merkeak hegaz

Behe denboraldian hegaldien aukera hobeak

Krisiak jota daude hegazkin konpainiak. Irailaren 11z geroztik lagun gutxiago ibiltzen dira airez eta kaleratzeak zein hegaldien desagertzeak gertatzen ari dira. Bidaia batzuk garestitu dira baina enpresa batzuek tarifak jaistea erabaki dute, jendea ausar dadin. Honi behe denboraldiko eskaintzak gehitzen badizkiogu, sekulako aukerak aurkituko ditugu egunotan, oporrak hartu ahal izanez gero, merke eta urrun bidaiatzeko.

Bidaia agentzia batzuek azken orduko aukerak dituzte: viajesiberia.com-ek baditu batzuk baina gazteentzako aproposenak Unlimited-enak dira. Nazioarteko agentzia honek azken minutuko eskaintza merkeez gain, munduari buelta emateko aukerak eskaintzen ditu abenturazaleentzat. Adibidez, 6.900 liberagatik (1.040 euro) Paris-Singapur-Brisbane-Sydney-Melbourne-Bangkok-Paris egin dezakegu. Hortik aurrera urtebete bidaian emateko hainbat aukera daude.

Agentzia eta hegazkin konpainia batzuek ez dute aparteko eskaintzarik eta aukerak topatzea oso zaila egiten da, Iberia.com-en kasu. Gainera, aukeratutako konbinaketen salneurria ezagutzeko erabiltzaile erregistratua izan beharra dago. Gauza bera eskatzen dute viajes.elcorteingles.com webgunean, baina bertan salneurriak jakin ditzakegu, baita konpainia batzuek egiten dituzten eskaintza bereziak. Hemen sekulako maukak aurki daitezke, esaterako, Lufthansak eskaintzen duen Bilbo-Los Angeles joan etorria 55.000 pezetan.

Handien ondoan enpresa txikiak daude, askoz salneurri hobeekin. Hegoaldean ezagunena Go dugu, sarearen bidez go-fly.com helbidean txartelak are merkeago saltzen dituen hegaldi merkeetako konpainia. British Airwaysen baitan sortu zen baina egun lehiakideak dira. Loiutik egunero Londreseko Stansted aireportura joan-etorria egiten dute haren hegazkinek. Webgunean konbinazio ezberdinen probak aspertu arte egin ditzakegu, harik eta gure egutegiaren eta sakelaren neurriko konbinaketa aurkitu arte. Astelehena edo ostirala ez den astegunetan aukera gehiago izango ditugu egunotan joan-etorria 60 eurotan lortzeko. Abenduaren 16az gero, ordea, gabonen eragina igarriko da eta txartelen salneurriak igoko dira.

Antzeko salneurriekin eta aireportu berbera helburu dutela ibiltzen dira egunero Biarritzetik Ryanair konpainia txikiko hegazkinak. Hauek dira Euskal Herritik Londresera merke joateko bi aukerarik onenak. Baina gure helburua Britainia Handia ez bada ere, bertatik, herrialde anglofonoetarako aukera izugarri merkeak aurkituko ditugu cheapflights.com webgunean. Konbinaketak eta probak eginez, adibidez, hemendik Jamaikarako bidaia 75.000 pezetagatik egin dezakegu. Azkenik, Madril edo Bartzelonatik abiatuta, Easyjet.com-ek hegaldi merkeak egiten ditu Europako hainbat hiriburutara.

Usit
www.usitunlimited.es
www.usitconnections.fr
Bilbotik
www.go-fly.com
Biarritzetik
www.ryanair.com
Madril-Bartzelonatik
www.easyjet.com
Londresetik
www.cheapflights.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner