2001ko azaroak 29, Osteguna | Irristatzen |

Babelgo dorrearen hiletak

Ekonomia berria hil da, gora ekonomia zaharra!

Dorre bikiak baino arinago jausi zen New York hirian eta mundu osoan ekonomia berria delakoa. Iragan urteko udaberriaren amaierak globoaren puskatzea ekarri zuen, hainbeste puztu eta gero derrigorrez eztanda egin behar zuen gezurrarena.

Duela bi urte Ameriketatik entzuten genituen albisteek inbidiaz amorraturik uzten gintuzten, dot.com pelotakadaren erdian unibertsiatetik atera berriak ziren gazteek soldata ikaragarriak jasotzen zituzten, enpresaren akzioak sari moduan eskuratuz eta luxuzko oporrak, limusinak eta 1.200 dolarreko Aeron aulkiak zituzten bulegoan. Gerora frogatu zenez, oinarrian ez zegoen ia ezer eta burtsak egin zuen ezerezetik dirua ateratzeko miraria. Benetan birtualak ziren enpresa hauek, puztuak, eta logikarik gabeko ekonomia horrek araurik oinarrizkoenak ahazten zituenez ezin zuen asko iraun.

Steve MacLaughlin-ek bere weblog-ean ekonomia berriaren porrotaren analisia egiten du, haren ezaugarriak azalduz. Besteak beste, komunikabideak «bulimikoak» bilakatu zirela dio, ekonomia berriko mirarien gosea gero eta handiagoa zen eta komunikabideek eurek bultzatzen eta islatzen zuten. Argitalpen berriak sortzen ziren egunero, denak ziren puntunet edo puntucom. Baina iragarkiz inguratutako eduki eskasak ziren, publizitatea saltzea zen helburua, eta iraultza elektronikoa azaltzeko milaka tona paper gastatzen ziren. Adibide moduan, thestandard.net aipatzen du MacLaughlin-ek. Hasieran orrialde gutxiko argitalpen xumea zena 300 orrialderaino iritsi zen. Krisiaren ondorioz berriz 90ra jaitsi eta azkenik desagertu behar izan zuen aurtengo irailan.

Zerbitzuak eta produktuak doan ematean oinarritzen zen iraultza ekonomiko hura. Ona bezeroentzat, txarra negozioentzat. Azkenean, emaitzen balantzeak ikusita birplanteatu behar izan dute denek joera zoro hori. Bestalde, gazte esperientziabakoak, ustez adituak zirenak, enpresen ekonomia gidatzen jarrita edo aholkulari moduan kontratatuz enpresak pikutara bidali dituzte askok. Hasierako hacker talentodun batzuren izarraren atzean aprobetxategi asko agertu ziren dena hondatzeko.

Eta enkanteak enpresa hauen funeral modukoak bihurtu dira. Duela hilabete izan zen San Franciscoko Webvan enpresaren ondasunen enkantean haren egoitzak, sareko zerbitzariak eta beste aparailuak, softwarea... Dena saldu zen aukerako likidazioan. Luxuzko altzariak ere han zeuden, kudeaketa ustelaren adierazle bezala. Webvan janariak online eskatzeko eta etxeraino eramateko sistema zen, ia dena automatizatuta zuena. Ez du horrek esan nahi janariak sarearen bidez saldu ezin daitezkeenik, Tesco eta beste enpresa batzuek apostu xumeagoak egin zituzten eta ondo ei doakie. Gazteluak airean egitea izan da erraldoi bihurtutako ekonomia horren nahigabea. Bitxikeri moduan, bada sarean Web economy bullshit generator izeneko tresnatxoa, puntucom enpresetako bileretan erabiltzeko esaldi hutsalen sortzeko robota. Honek zerrenda bateko aditz, adjektibo eta izen bana hartu eta ausaz konbinatzen ditu, streamline customized experiences bezalakoak sortuz.

Ekonomia berria hil da
saltire.weblogger.com/articles/newend
Bullshit generator
www.dack.com/web/bullshit.html

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner