2001ko abenduak 20, Osteguna | Irristatzen |

Gabonetako kulebroia

Erosketak, filmak, birusak eta parodiak

Eguberri garaia helduta, egunotako hotzak laguntzen du etxean gozo-gozo eta epel-epel familiartean egoteko giroa. Horregatik Eroskik erosketak etxetik bertatik agintzeko abian jarri duen aukera baliatuko du hainbatek. Hiriburu batzuetarako balio du soilik, hala ere, aukera honek. Ez dakidana da inork lehenago aurpegia ikusi gabe legatza edo bixigua eskatuko duen baina, tira, badira ikusi barik lasai asko eska daitezkeen beste gai batzuk eta alferrentzako edo ezinduentzako aukera ona da.

Zinema arloan The Lord of the Rings filmak zeresanik emango du egunotan, bere efektu ikusgarriekin gure zinemetan estreinatzen baita azkenik. Baina sarean hobbit ausartaren gorabeherak kontatuko dituen filmak badarama denbora dexente internautak erakartzen, ondo egituratutako online kanpaina antolatu baitute, pixkanaka eskaintzen joan diren trailer eta laginetan oinarrituta. Milaka deskarga izan dira urtebete baino gehiagoko tarte honetan eta irrika pizteko estrategia egokia izan dute trilogiari buruzko webgunea diseinatu dutenek.

Gabonetan ohikoa den beste gai bat birusen ugaltzea da. Birus egile batzuek data seinalatuak aukeratzen baitituzte eurek sortutako artelanak aktibatu daitezen. Euskalgintza ere birusek jota ageri da egunotan, biziki indar handiz jo baititu Badtrans birusak inguruotako ordenagailuak. Birus hau zizare motakoa da, PCetako Outlook-ek eta Explorer-ek duten zulo bat baliatzen du gure ordenagailuan sartzeko eta, ondoren birus troiar bat sartzen du, makina barruko sekretuak arakatu ostean datuak birusaren egileari bidaltzen dizkiona. Erraza da ezagutzen Badtrans dakarren mezu bat, birusa atxekita ekartzeaz gain, bidali duenaren helbidearen hasieran beheko gidoia sartzen duelako, mezua erantzutean berau behar den lekura hel ez dadin.

Bitartean, gabonetako jokoetan gehien salduko dena Guerra al terrorismo delakoa izango dela iragarri digute komunikabideetan. Mahai jokoa da, non Bin Laden harrapatzen duena irabazle suertatzen den. Horri gehitu behar zaio Playstation eta antzerako kontsolentzako dauden gerra joko mordoa.

Sarean egunotan aurkitu ditugun gauza interesgarrien artean parodywarea aipatuko dugu. Freeware-a (doakoak) eta shareware-a (probatuz gero erostea) ezagutzen genituen, baina software honek inoren kontura irri egiteko balio du, haren webgunearen kopia egiten baitu guk argazkiak eta testuak aldatuz parodia egin dezagun. Reamweaver 2.0 du izena programa honek –izenak izana islatzen du– eta Yes Men izeneko artibista taldearen lana da. Artista-ekintzaileak dira, euren aldarrikapenak irudimena erabiliz modu sinbolikoan plazaratzen –sareratzen– dituzten horietakoak. Inoiz aipatu ditugun ®TMark sareko partaidea da kolektibo hau, besteak beste World Trade Organization erakundearen webgunea, Munduko Bankuarena, Europar Batasunarena eta beste batzuk izan dira euren parodien biktima. Aurrerantzean, software hau erabiliz edonork nahi beste egingo ditu aparteko ahaleginik gabe.

The Lord of the Rings
www.lordoftherings.net
www.pandasoftware.es
www.theyesmen.org
www.rtmark.com
www.gatt.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner