2001ko abenduak 27, Osteguna | Irristatzen |

Web nabigazioak hamar urte bete ditu

Internet are zaharragoa da, ordenagailuak elkarri lotzen dituen komunikabideak 30 urte baino gehiago baititu. Bere Arpanet bertsio militarrean sortu zenean defentsa sistemak komunikatzeko erabiltzen zuen AEBko gobernuak. Izaera militar hori utzita, unibertsitateak eta enpresa batzuk sarera konektatu ziren 70eko urteetan. Komunikazio estandar eta protokolo berriak sortuz joan ziren, egun sareetan komunikazioaren oinarriak diren TCP/IP eta Ethernet kasu.

Hamarkada horretan posta elektronikoa agertu zen, egun oraindik sareko tresnarik erabiliena dena. Lehendabiziko mezu elektronikoa 1971koa da eta bertan Ray Tomlinsonek «1, 2, 3, hau proba bat da» edo halako zeozer idatzi zuen. Bigarren mezuan a bildua edo arroba sartu zuen ikerlari berak.

Baina 1991n, ARPAnet desagertu eta Internet bilakatu ostean, sareko baliabiderik ikusgarriena sortu zuten Europan, Suitzako CERN fisika laborategian. World Wide Web izenaz ezagutuko zen nabigazio sistema sortu zuen Tim Berners Lee-k hiru elementu konbinatuz: HTML kodea web orrialdeak diseinatzeko, HTTP protokoloa berauek transmititzeko eta bezero motako programa bat, Web Browser izenekoa. Era honetan hipertestua eta loturak hezurmamitu ziren.

Estraineko web orrialdea AEBko Stanford-eko unibertsitateko Paul F. Kunz irakasleak egin zuen. CERNekoei bisita egin ostean, haiekin komunikatu ahal izateko, Kunzek orrialdea zerbitzari lana egingo zuen ordenagailu batean jartzea proposatu zion Bernersi. Honek Stanfordera itzuli bezain laster lehendabiziko web zerbitzaria prestatu zuen lehenengo HTLM orrialdearekin eta Atlantikoaren bestaldetik ikuskatu ahal izan zuten dokumentua nabigatzailearen bidez. Orduko HTML kodea oso sinplea zen, ez zegoen irudirik eta audio edo bideo artxiboak jartzea pentsaezina zen oraindik. Orduko arazoa zen HTML kodea hobetzea, estandar bihurtzea eta ordenagailuek berau irakurtzeko programa zabaltzea. Urtebete geroago Mosaic banatzen hasi ziren NCSA konputagailu zentrokoak, estraineko web nabigatzailea.

Hortik aurrera etengabeko hazkundea izan du sareak. Egun, 36 milioi inguru zerbitzari daude online eta 1.600 milioi web orrialde. Erabiltzaileak 513 milioi dira jada eta nabigatzaileek zein HTML kodeak sekulako garapena izan dute. Mosaic-en ostean Netscape etorri zen eta geroztik Microsoft Explorer nagusitu da nabigatzaileen lehian. Testuak eta loturak ezezik, irudiak, flash animazioak, bideoak, audio edukiak eta beste hainbat gauza ikus ditzakegu HTML orrialdeetan. Beharbada hamar urte barru sareko beste baliabide baten urtebetetzea ospatzen egongo gara. Ziur egon gaitezke garapenaren gurpila ez dela geldituko. Sarea hemen dago eta betirako geratuko da gurekin, beraz, euroarekin bezala hobe dugu berau ulertzen ikastea.

CERN
www.cern.ch
SLAC-Stanford
www.slac.stanford.edu
NCSA-Mosaic
http://www.ncsa.uiuc.edu

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner