2002ko urtarrilak 3, Osteguna | Irristatzen |
2001arenak
Urteak sarean eman duena
Data hauetan ohikoa da arlo guztietan urtearen balantzea egitea. Sarean urteko gertakaria, offline bezala, AEBen aurkako erasoa izan da dudarik gabe, eta Bin Laden izenik aitatuena izan da irailaren 11z gero. Hala ere, gezurra dirudien arren, gizon honen izena ez ei da internautek gehien bilatu dutena, Nostradamus iragarlearena baizik. Google bilatzaileak haren bidez eginiko bilaketen ikerketa egin du berbarik bilatuenak jakite aldera. Nostradamus eta Bin Laden-en ostean World Trade Center eta Anthrax daude.
Sarean dagoen bilatzailerik onenak 150 milioi bilaketa egiten ditu egunero eta haien artean musikak lagun asko erakarri ditu. Kantari ezagunen ondoan, musika doan jaisteko peer to peer programak dira bilatuenak, Audiogalaxy eta Kazaa kasu. Gogoratu behar dugu urtearen hasieran Napster programaren gorakada izugarria ikusi genuela eta handik gutxira bere heriotza, musikaren industriak zapalduta.
Urte bukaera honetan aurkitu dugun beste gatazka bat Argentinako matxinadak dira eta egunotan han zer gertatzen ari den jakiteko modurik zuzenena, berriz ere, Indymedia sarea izan dugu. Pragako eta Genoako gailurrekin gertatu zen legez, oraingoan audio eta bideo dokumentuak, azken orduko albisteak eta komunikabide ofizialetan agertuko ez diren hainbat informazio aurkituko dugu bertan. Egoera ekonomikoa ezezik, beste inon aipatu ez dituzten hildakoak, errepresioa eta mobilizazioak ezagutuko ditugu.
Birusek ere eman dute aurten zeresanik, orotara 14.000 milioi euro inguruko kaltea eraginez. Arrakastatsuenak Microsoft-en produktuek dituzten segurtasun akatsak baliatuz gure ordenagailuetan sartzen direnak izan dira azken aldion. Outlook eta Explorer erabiltzen dituztenek pairatu dituzte besteak beste Goner, Badtrans eta Shoho zizareek eragindako buruko minak. Bitartean, antibirusak egiten dituen euskal enpresa batek, Panda Software-k PC World aldizkari ospetsuaren saria jaso du, bere Panda Platinum 6.2 antibirusik onena baita haien urteroko konparaketaren arabera.
Gurera bueltatuta, Eusko Jaurlaritzaren Konekta Zaitez kanpainiak aurrera jarraitu du eta badirudi arrakastatsua izan dela, EAEk Espainiako bigarren postua erdietsi baitu Interneterako konexioen mailari dagokionez. EGMren azken inkestan EAEk aurrea hartu die Nafarroa, Madril eta Errioxari, orain arte EAEren gainetik zeuden komunitateak. Ikerketa horren arabera, 14 urtetik gorako herritarren %25ek Internet erabili du azken 30 egunotan, iazko ikerketan baino 10 gehiagok.
Baina gutxirako balio izango du konektatze hutsak sarean ganorazko edukirik ez badugu topatuko. Kultura eta euskara bultzatu behar dira edukietan instituzioetatik. Berriki Buber sarietan erdaldunez betetako epaimahaiak bagera.net «euskararen zabalkunderako gehien egin duen» webgunetzat aukeratu zuen, eduki gutxi eta zaharkitu xamarrak dituen arren. Oinarri teknologiko berbera izanik, hori eta askoz gehiago du –mamia, alegia– sortu berria den sustatu.com interesgarriak. Espero dezagun urte berriak horrelako adibide gehiago ematea.
argentina.indymedia.org
www.google.com
www.pandasoftware.es
www.cybereuskadi.com