2003ko otsailak 26, Asteazkena | sarean.com |

Aske, zabal, diferente

Euskaldunon Egunkariko kolaboratzaileon agiria

Euskaldunon Egunkarian kolaboratzaile izan garenok gogor adierazi nahi dugu gure arbuioa, gaitzespena, salaketa… Eta amorrua, inpotentzia, negar egiteko gogoa, sumina eta samina. Bidegabekeria eta eraso izugarria jasotzen ari da Egunkaria, eta eraso hori jasotzen dugu guk, irakurle garen aldetik batez ere, baina baita kolaboratzaile izan garen aldetik ere.

Euskaldunon Egunkariak bere ate eta leihoak ireki dizkigu, askatasun eta zabaltasun osoz ireki ere. Kolore guztietako ahotsei eskaini digu aterpea, hitz egin genezan, askatasunez hitz egin genezan, zabal hitz egin genezan, diferente hitz egin genezan. Denok izan dugu tokia libre idazteko. Eta orain Euskaldunon Egunkariari ate eta leihoak itxi dizkiote. Itxi dizkigute. Hitza kendu nahi izan diote. Nahi izan digute. Eta hitza, daukagun horixe, Egunkariak aterpea, etxea, plaza eskainiz eskatu zigun horixe, eman nahi dugu orain ere, Euskaldunon Egunkarian bizitzen jarraitu nahi dugulako. Lehen bezain zabal, lehen bezain libre, lehen bezain diferente. Euskaldunon Egunkaria bizi batean.

Gure hitzaren bitartez, bestalde, gure animoa eta elkartasunaren beroa helarazi nahi genieke Egunkariako lankideei, proiektu eder hori aurrera ateratzeko adorez lanean diharduten guztiei. Eta nola ez, besarkada estua espetxean dauden adiskideei, lehenbailehen gure artean izan daitezela aldarrikatuz.

Egunkaria aurrera!

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner