2003ko otsailak 13, Osteguna | Irristatzen |
Azterketak eta satirak
Badirudi metrobilbao.com domeinuaren inguruko aferaren amaiera heldu dela, garraio enpresak azkenik eskuratu baitu Natxo Allenderen esku zegoen domeinu izen hori. Marrazkilari Getxotarra Putalocura.com bezalako webgune pornografiko-satirikoak egiteagatik ezagunagoa da eta, azken aldi honetan bere aktore dohaiak Porno Freak azpigeneroan erakusteagatik. Baina polemika bitxia sortu zen bere garaian metrobilbao.com-en inguruan.
Bertan, Allendek enpresaren aurkako kexuak biltzen zituen eta horixe izan zen Getxoko epailea haren aldeko erabakia hartzera bultzatu zuena, enpresaren webgune ofizialean ez baizegoen kexak plazaratzeko gunerik. Azkenik, abokatuetan dirutza gastatuta, Metro Bilbaok domeinua eskuratzea lortu du, @Euskadi buletinak zabaldu duenez. Halabaina, egun domeinu hori inmobiliaria enpresa pribatu baten webgunera desbideratu dute. Aferaren inguruan ibilitako abokatu baten aburuz «Horrek adierazten du enpresaren helburu bakarra domeinua Allenderi kentzea zela». Hala ere, bide horretatik segiz gero, lana izango du aurki enpresak, beste bilbotar batek erregistratu baitu metrobilbao.biz domeinua.
Gaiz aldatuta, gauza jakina da azterketa garaian gaudela. Bada, Deustuko ikasle batzuek beobidemepersigue.com webgunea zabaldu dute euren irakasleak, Beobide izeneko bat batez ere, tonu umoretsuan kritikatzeko. Irakasleek botatako esaldi xelebreak, argazkiak eta pasadizuak biltzen dira bertan. Azterketetako tentsioa baretzeko modu polita da baina ez dut uste egileei ikasteko denbora larregirik geratuko zaienik.
Agian ideia polita izango litzateke azterketak etxetik egitea. Comunet enpresa bilbotarrak azterketak online egiteko softwarea aurkeztu du. NETquest programarekin irakasleek azterketak oso modu errazean presta ditzakete eta, gero, emaitzak instant batean jakin ditzakegu.
Baina dena ez da ikastea eta, batzuek webgune satirikoak egiten dituzten bitartean beste batzuek berriketari ekiten diote, ordenagailu aurrean ikasten ari diren plantak egin bitartean. IRC Hispanotik alde egindako disidente euskaldun batzuek sortu dute EuskalIRC sarea. IRC Hispano sarean dagoen zentsura politikoagatik haserre, euskal alternatiba eraiki nahi dute, librea eta doakoa. Konektatzeko irc.euskalirc.org kanala erabili behar da IRC programetan edo www.euskalirc.org webgunearen bidez sartu.
Eta sarean Irristatzen, webgune interesgarria aurkitu dut. Gipuzkoar gazteei zuzenduta, aisialdialdirako gida modukoa da EnteraT, Donostia aldekoentzat gehienbat. Zinea, musika, unibertsitatea, parrandarako lekuak, kontzertuen agenda, lana topatzeko aholkuak, kirolak, eta gazteentzako informazio baliagarriak eskaintzen ditu aurkezpen txukuneko gida honek. Hori bai, oso-osorik Cervantesen hizkuntzan dago. Antza, txikikeria iruditu zaie euskaraz jartzearena edo ez dira enteratu euren publikoaren zati handi bat euskalduna dela. Euskarazko edukiez ari garela, sustatu.com aipatu beharra dago, merezimendu osoz Sareko Argia saria irabazi berri baitu weblog euskaldunak.
www.metrobilbao.biz
www.comunet.es
www.enterat.com
www.sustatu.com