2003ko otsailak 4, Asteartea | Irristatzen |
Bide librean euskaraz
Software librearen aldeko EuskalGNU kolektiboak KBabel euskaratu du, itzulpenak egitea ahalbidetzen duen doako programaren euskarazko bertsioa. Linux sistema eragilean erabiltzekoa da KBabel hau, izan ere, bertako itzulpena egiteko erabiltzen diren gettext izeneko fitxategietan oinarritzen da programa eta haiek euskaratuta daude. Gogoratu behar dugu berriki Jaurlaritzaren bidez banatu izan dela Linux-en Mandrake 8 distribuzioaren euskarazko bertsioa. Gainera, KBabel-ek itzulpen memoriekin lan egiteko gaitasuna dauka, aurrez itzulitakoak berriro erabiltzeko aukera eskeiniz.
Beste proiektu interesgarri batean lanean ari dira EuskalGNUkoak, OpenOffice paketearen itzulpenean. Bere izenak adierazten duen legez, Windows-en Office sortaren antzeko bertsio librea da hau. Hark Word testu tratamendua, Excel kalkulu orria, aurkezpenak egiteko Power Point softwarea eta Access datu basea ditu. OpenOffice libreak testu tratamendua, kalkulu orria, aurkezpenak egitekoa eta marraztekoa ditu. Jakina da Windowsen produktuek bateraezintasun arazoak dituztela. Askotan bere buruarekin ere bateraezinak izaten dira, hau da, Word-en idatzitako dokumentu bat zabaltzeko arazoak izan ditzakegu programa beraren beste bertsio bat badaukagu.
OpenOffice, aldiz, doakoa izateaz gain, Word eta Excel artxiboak zabaltzeko gai da eta euskarazko bertsioak egiteagatik ez zaio inongo enpresari lizentziagatik ordaindu behar. Software librea da, dudarik gabe, gurea bezalako hizkuntzen bidea eta hala ulertu du Eusko Jaurlaritzak, EuskalGNUkoek OpenOfficeren euskaratzea bultzatzeko eskatu ondoren.
Bitartean, euskal software librearekin idazteko aukera etorri bitartean ingelesezko bertsioa erabil dezakegu. Gogoratu, lagunok, suite edo sorta hau doan eskura daitekeela openofficel.org webgunetik eta berau erabiltzeko ez da ezer ordaindu behar. Software librea izanagatik ez da beharrezkoa nork bere ordenagailuan Linux-a edukitzea. Nahikoa da Windows edo Mac OSX ordenagailua edukitzea, hoietarako bertsioak ere baitaude.
Gainera, bertaraino euskaraz nabigatzeko aukera behintzat badago, Zuhar enpresakoek Mozilla nabigatzailea euskaratu baitute. Sistema ere euskaraz nahi duenak Linux Mandrake jar dezake bere makinan... Tira, ausartzen bada, zeren ez da errezegia momentuz.
www.euskalgnu.org
www.openoffice.org
www.zuhar.net/mozilla