2002ko abenduak 12, Osteguna | Irristatzen |

org.asmoak Bilbon

Internauten elkarte berria gurean

Atzo aurkeztekoa zen Internet & Euskadi elkartea Bilbon, Euskalduna jauregian antolatutako Datorrena 03 ekitaldian. Itxura guztien arabera, Asociacion de Internautas espainiarraren estiloko Internauten elkartea sortzea dute helburu beronen sustatzaileek, tartean Jose Antonio del Moral, @Euskadi buletina egiten duen kazetaria. Elkarte sortu berriaren webgunean dioenez, «komunikazio eta informazio teknologia berriak bultzatzea» izango du helburutzat talde honek eta, helburu zehatzagoen artean, «euskararen erabilpena bultzatzea» egongo da.

Internauten lehendabiziko mugimenduetan helburu nagusia konexioa lortzea zen, merkea tarifa lauaren bidez edo doakoa. Infoviaren garaiak aspaldi atzean utzita, ADSLaren garai honetan segurtasuna, pribatutasuna eta zibereskubideak dira orain horrelako elkarteen aldarrikapen nagusiak. Horiekin batera, LSSI bezalako legeek dakarten adierazpen askatasunaren murrizketak kezkatzen ditu internautak egun, baina gero eta orokorragoak dira internauton kezkak, globalagoak.

Euskaldunon ikuspuntutik, berriz, badago zeregin franko oraindik, sarea euskarazko edukiez betetzea ez da lan makala izango eta, nire iritziz, horretan egin beharko litzateke ahalegin handia. Instituzioen laguntza ezinbestekoa izango da internautek Konekta Zaitez programaren bidez erositako ordenagailua Gran Hermano-ren webgunea ikusteko barik gauza erakargarriak euskaraz ikusteko erabil dezaten. Duela bost urte sarearen garapena eskasa zen eta horrelako internauten elkarteek islatzen zuten iluminatu batzuen gogo bizia, kredo berri eta liluragarri horren zabaltzeko.

Gauzak horrela, sareak gurean oraindik garapen fisikoa ere behar duela onartuta, zentzu handiagoa ikusiko nioke euskaldun teknofilook sarean euskararen presentzia bultzatzeko elkartzeari, helburu zehatza eta ondo kokatua.

Bilbotik irten gabe eta org.asmoak aipatuta, bertako Cafe Bilbaok antzerki testuen lehiaketa antolatu du bigarren aldiz. Aurtengo irabazleen artean Kepa Gallego dago izen berezia duen obra batekin: sexua.org.asmoa. Mikel Martinez aktore, tabernari eta internauta euskaldunak antolatutako ekimen honetan saritutako beste testu biak Javier Cilleroren Xake Jokalariak eta Kepa Ibarraren Gabriel-Gabrielle izan dira.

Eta bidaia birtual honetan Bilbon bertan izango dugu azken geldiunea. Izan ere, Bilbok badauka bere tranbia. Garraiobide zahar-berri honen gaineko informazioa euskotran.com domeinuan aurkitu ahal genuen lehenago, artean proiektua baizik ez zenean. Egun, ordea, helbide hori idatzi eta ez dugu Euskotranen webgunea kausituko. Luis Fernando Secoren izenean ageri zaigu orain domeinua, aurtengo irailaren 6 hartuta. Tranbiari buruzko informazioa, bestalde, Euskotren-en webgunean aurkituko dugu orain.

www.interneteuskadi.org
www.internautas.org
www.bilbaocafe.com/saria.htm
www.kepagallego.com
www.euskotren.es/euskotran

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner