2002ko azaroak 7, Osteguna | Irristatzen |
Euskaldunak erdaraz nabigatzen
EAEko internauten nabigazio birtualen gaineko datuak eman berri ditu Eustat erakundeak. Aurtengo bigarren hiruhilekoan eginiko inkesta honetako emaitzen arabera, milioi laurdenetik gora dira Google bilatzailea aipatzen duten Internet-erabiltzaileak (264.000 aipamen) eta, ondorioz, 2002ko 2. hiruhilekoan bilatzailerik erabiliena da, 2001eko 4. hiruhilekoan nagusi zen Yahoo-ren tokia hartuta. Bilatzaileen sailkapen horretan bigarrena Yahoo da eta Terra hirugarren lekuan. Askoz beherago, 13. tokian, kaixo.com elebiduna dago eta 23. tokira jaitsi behar dugu aurki.com euskalduna topatzeko.
Atari edo bilatzaile ez diren webguneen sailkapenari dagokionez, komunikabideak nagusi dira: El Correo ageri da lehenengo tokian eta Marca egunkaria bigarrenean. Euskara hutsezko lehenengo webgune moduan egunkaria.com ageri da 28. postuan, baina bien tarteko gehienak erdara hutsezko webguneak dira.
Datuok ikusita eta inkesta erantzun duten internauta horietako zati dexente handia euskaldunak direla kontutan hartuta, euskaldun gehienak erdarazko atari eta bilatzaileak erabiltzen dituztela ondorioztatu daiteke, baita EAEko internauta askok Espainian eginiko webguneak bisitatzen dituztela.
Baina badira ondo ulertzen ez diren emaitza batzuk. Adibidez, bigarren multzoan Hotmail 38. tokian ageri da, renault.com eta audi.com-en atzean; lehen multzoan 9. bilatzaile-ataririk inportanteena dela dio inkestak, Ozu eta Eresmas-en atzean. Jakin badakidanez milaka lagunek erabiltzen dutela zaila egiten zait hori zuzena dela sinistea.
Bitartean, webgune eta ekimen interesgarriak sortzen jarraitzen dira hemen. Esaterako, Baietz fundazioaren inguruan sortu den euskalherria.info ataria. Software Libreari Buruzko II. Euskal Mintegia hilaren 23an izango da Eibarren. Inondik inora interesgarria, Indymedia, uztarria.com, Emun, eFaber, euskalGNU, Nuke eta bestelako proiektu interesgarriak azalduko dituzte saltsa horietan dabiltzanek.
Bestalde, Sopelako udalak, UNESCOk eta EHUko Kazetaritza I departamenduak bultzatuta, Sopelcom jardunaldiak egiten ari dira. Otsailean Xose Lopez galiziarra aritu zen, berak kudeatzen duen culturagalega.org atariaren antolakuntzaz. Galiziar kulturari buruzko ataria dugu culturagalega.org, Consello da Cultura Galega izeneko erakundeak sortua. Urrian Lluis Codina kataluniarrak sarearen informazio ekosistema izan zuen hizpide eta hilaren 21ean kazetarien eta informazio datutegiak izango dira aztergai, Complutenseko irakasle Jose Angel Castroren eskutik.
www.eustat.es
www.sopelcom.org
www.euskalherria.info