2002ko urriak 31, Osteguna | Irristatzen |

BWEB gehiago

Euskal atari gehiago, atarien gainbehera garaian

Iragan astean euskaraz nabigatzeko programak aipatu genituen, Bilboko Zuhar enpresak Mozilla nabigatzailearen euskaratzea beregain hartu duela ere aipatu genuen. Bada, geroxeago jakin dugu Mozilla 1.1 nabigatzailearen itzulpena sarean eskuragarri dagoela. Windows, Linux eta Mac OS sistemetarako balio du eta ingelesezko programari eransten zaion paketea da, itzulpena dakarren gehigarri moduan.

Momentuz 0.1b bertsioan dago, beta edo probetarako bertsio moduan. Zuharrekoek 2000 testu euskaratu dituzte eta, itzulpenetan edo programaren funtzionamenduak akatsak egon daitezkenez, berauen berri mozilla@zuhar.com helbidean ematea eskatzen dute.

Baina programak baino zeozer gehiago behar da euskaraz nabigatzeko. Ikuskatzeko edukiak behar dira, alegia, euskarazko web orriak. Arlo honetan urrats txikiak ematen dira sarri, gero eta sarriago, handik eta hemendik web gune euskaldunak sortzen baitira azken aldion.

Horren erakusgarri da sustatu.com albistegian sortu den BWEB (Beste Web Euskaldun Bat) izeneko atala. Hemen agertzen dira euskarazko webgune berrien gaineko erreferentziak. Bertan jakin dugu, esaterako, Bizkaiko gotzaitegiaren inguruko Suspergintza elkartearen eskutik nontzeberri.com sortu dela. Musika, eszena, literatura, bertsoak, ikus-entzunezkoak eta artea jorratzen dituen webgune berriaren atzean Lutxo egia eta Juanra Madariaga kazetariak daude, eta Diputazioaren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du proiektuak.

Beste proiektu bat agertu da egunotan, hator.com hiri digital euskalduna. Flash artxibo deigarriek agurtuko gaituzte bertara heltzean, hiri bateko irudiak erakutsita. Eraikinetan klik eginez, bakoitzari dagozkion menuak agertuko zaizkigu. Esaterako, kultur etxean sakatuta, lehiaketak, hiztegiak eta horrelako kontuak aurkituko ditugu. Aurten Bai fundazioak eta Bizkaia Irratiak sustatu duten webguneak, hala ere, nabigazio astuna du ordenagailu eta konexio indartsurik ez dutenentzat.

Musika da agertu berri diren webgune euskaldunetako beste baten osagarri nagusia. Euskal Musika aurkituko dugu euskalmusika.com webgunean, Gasteizko Eneko eta Garikoitz Knorren eskutik. Bere burua Ğeuskal musikaren lehenengo atariağ moduan aurkezten duen webgune honetan kontzertuen informazioa, musikarien gaineko erreportaiak eta mp3 abesti batzuk aurki ditzakegu.

Baina euskararen eremuan atari txiki batzuk sortzen diren bitartean, ezagunak ditugun beste batzuk, erdaldunak gehienak, ateak ixten ari dira isilka edo jarduera aldatuz, horien artean Guay.com atari arabarra eta hispavista.com donostiarra daude. Zamudion sortutako canal21.com ere, apurka-apurka, edukiak kentzen joan da eta egun, Madrilgo egoitza guztiz abandonaturik, gero eta zerbitzu gutxiago eskaintzen ditu. @Euskadi buletinean irakurri dugunez, doako sarbidea ez du jada ematen eta web bidezko posta elektronikoko postontzi asko desaktibatu ditu jada.

Mozilla 1.1 euskaraz
www.zuhar.net/mozilla
Euskal hiri birtuala
www.hator.com
Nontzeberri
www.nontzeberri.com
Musika ataria
www.euskalmusika.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner