2002ko urriak 17, Osteguna | Irristatzen |
Lagunak ikusten
Berehalako mezularitzaren arrakasta
«Eta nola dabil Kepa? Aspaldian ez dut messenger-ean ikusi». Horrelako elkarrizketa bat entzun nuen lehengo egunean tren batean. Dudarik gabe, berehalako mezularitzak iraultza ekarri du internauten komunikatzeko moduan eta ohituretan. Kasu batzuetan mugikorraren ordezkoa ere bihurtu da, doako ordezkoa, SMS mezuen ordezkoa eta posta elektronikoaren ordezkoa. Baina zergatik da hain arrakastatsua? Faktore asko ditu bere alde IM edo Instant Messaging delakoak.
Posta elektronikoaren eta aldi bereko chat berriketaren arteko nahasketa dugu aldi bereko mezularitza. Sarean sartzen garen unean gure lagunak ere konektatuta dauden esaten digu eta eurekin berriketan has gaitezke. Printzipioa oso erraza da, programatxo batek gure berri ematen du zerbitzari batean. Bertan gordeta daude gure lagunen izenak, programa hori ere erabiltzen ari direnenak bederen, eta eurek ere konektatzen garenean abisua jasotzen dute. Enbarazu egiten ez digun leihatilatxo bat izango dugu zabalik beste zeozer egiten dugun bitartean, baina gure lagunen bat sarean sartzen bada berehala emango digu abisua. Hortik aurrera, berriketaz gain, bideosolasaldiak egin edo artxiboak bidal ditzakegu.
Programa hauen bertsiorik zaharrena ICQ izenekoa da, 2000. urtean 71 milioi erabiltzaile zituena. AOL zerbitzariak antzeko beste sistema bat sortu zuen, urte berean 59 milioi erabiltzaile zituena. Arrakastaz eta etorkizuneko aukerez ohartuta, Microsoft-ek bere Messenger sistema atera du eta Yahoo bilatzaileak berea ere hedatu nahi du, noski.
Baina erabiltzaileentzat arazoa da programa ezberdinen arteko konpatibilitate eza, enpresa bakoitzak berea nagusi bihurtu nahi baitu. Hori konpontzeko asmoz sortu dira hainbat programa, Jabber, Everybuddy edo Bantu kasu, sistema ezberdinen arteko erabiltzaileak elkartzeko gai direnak. Baina AOLk horiei oztopoak jarri dizkie behin eta berriro. AEBetako gobernuak berehalako mezularitza «ezinbesteko zerbitzua» dela adierazi du, inkonpatibilitateak eta monopolioa eskuratzeko lehia amaitzea eskatuta. AOLk duen nagusitasuna ikusirik, monopolista izateaz akusatuta dagoen Bill Gates berak eskatu du gobernuak AOL jagon dezan. Time Warner eta AOLren arteko bategitea gertatu zenean AOLk bere mezularitza sistema besteekin bateragarria egitea izan zen baldintzetako bat.
Momentuz bategitea ez da gertatu, baina AOLk gero eta gaitzagoa du bereari eustea. Excite, Microsoft, Yahoo eta beste batzuk bildu dira IMUfied erakundean, estandar bateratua lortzeko xedez. Horren emaitzak oraindik agertu ez diren arren, hilabete batzuren buruan bateragarriak izatea espero dute internauta askok.
www.aim.com
www.yahoo.com
www.msn.com
www.jabber.com
www.everybuddy.com
corp.bantu.com