2002ko urriak 10, Osteguna | Irristatzen |

Sareko kontzertu aretoak

Amarauneko ibilera birtualetan irakurri dut albistea: Kevin Mitnick-ek liburua argitaratu du eta bere ordenagailu eramangarri bi saldu ditu. Mitnick inoizko hackerrik famatuena izan da baina gizajoari aspaldi ez diote epaileek makina horietara hurbiltzen uzten eta. Diru beharrean ei dagoenez, 90ko urteen hasieran hainbat enpresa handiren zerbitzarietara sartu eta dirua ebasteko erabili zituen ordenagailuok saltzea erabaki du. Egun erabat zaharkituta dauden makina horiek balio sinbolikoa dute eta fetitxistaren batek erosiko ditu aurki.

Interesgarriagoa izango da, seguru, liburuan esaten duena. Berak «hezigarri» moduan aurkezten duen lan horretan enpresetako arduradunak engainatzeko teknika batzuk azaltzen ditu, euren ordenagailuetara sarbidea lortzeko baliagarriak, baina bertako istorio guztiak asmatuak direla dio, zer gerta ere, epaiketan errugabea zela esan baizuen.

Baina beste gai baten bila ibili naiz, gehienbat, asteon. Iragan ostegunean sareko musika aldizkariez jardun nuen eta gaiarekin lotutako beste webgune batzuei erreparatu diet: zuzeneko musika eskaintzen duten aretoei. Sarean areto askok informazioa ematen dute euren jarduerez eta programazioaz.

Esaterako, Bergarako Jam aretoak bere salajam.com webgunean rock eta techno arloak desberdintzen ditu, programazio ezberdina baitaukate. Plazagunea enpresak eginiko webgune horretan aipagarria da eztabaidagune baten presentzia. Eztabaidatzea ondo dago baina moderatzaile bat egon ezik antzuak bihur daitezke eztabaidak, irainez eta zentzugabeko mezuz beteta. Aretoaren agenda posta elektronikoz jasotzeko harpidetza egiteko aukera damaigu Jam-ek.

Bilboko zein Ondarroako Kafe Antzokien gaineko informazioa biltzen da kafeantzokia.com webgunean. Bertan, areto bien gaineko informazioa dago, hilabeteko agendak, datozen kontzertuen aurrerapenak, lehiaketak eta berripaper elektronikorako harpidetza. Hori ere egiten du azkena.com webguneak, Gasteizko zein Bilboko aretoen programazioa posta elektronikoz jaso baitezakegu. Halaber, Bilbon joko duten taldeen gaineko informazio zabala izan ohi du.

Gure mugetatik kanpo, badira areto ezagun asko, webgune ikusgarriekin. Esaterako, inoiz Radio 3-en entzungo genituen izenak gogoratuz, Bartzelonako Razzmatazz aretoarenak bere bost guneen gaineko informazioa ematen du flash irudiekin eta diseinu ikusgarriarekin. Bertako Bikinirenak ere, hain ikusgarria ez izanik, programazioa eskaintzen du.

Madrilgo areto famatuek presentzia eskasagoa dute sarean. Munduko musiketan berezitua den Suristan aretoak bere programazioa eskaintzen du, baina La Riviera handiak ez du webgunerik. Ezagunetan ezaguna, kamisetak saltzen musikarekin baino diru gehiago egiten duen New York-eko CBGB areto txikiak oso webgune bitxia du, elkarrizketa, audio zati, argazki galeria eta denda birtualarekin.

www.cbgb.com
www.salarazzmatazz.com
www.bikinibcn.com
www.suristan.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner