2002ko urriak 3, Osteguna | Irristatzen |

Musikaz sarean

Musika aldizkariak eta webzineak han eta hemen

Azken aldi honetan ugaritu dira sarean musikari buruzko argitalpenak. Batzuk audioa eta bideoa ere eskaintzen dituzten atari osatuak dira, emisiondigital.com edo doctormusic.com kasu. Beste batzuk, mondosonoro.com bezala, aldizkarien bertsio digitalak dira.

Baina beste asko webzineak dira, fanzine-aren bertsio modernoak. Horietako asko artisautza digitaleko lanak dira, lagun gutxiren artean eginak, bitarteko gutxirekin eta irudimen handiarekin. Inprenta gasturik ez izateak ekarri du sarea belaunaldi digital honen komunikabide alternatiboa bihurtzea. Edizioa sinplea izaten da eta batzuetan weblog sistemaren bat erabiltzen da copy-paste famatua ekiditzeko. Sistemarik ezagunenetako bat dugu Php-Nuke, imbecil.com eta reggae-news.net webzineetan erabiltzen den software libreko sistema.

Batzuek web orrialdeak barik, Flash formatoa erabiltzen dute, editatzeko zailagoa dena baina orrialde ikusgarriagoak lortzen dituena. Horren adibide dugu electrozine.com, Bizkaian egiten den musika webzinea: maketak, kontzertuak, diskoak eta beste

Edizio sistema automatizatu baten bidez Irunen egiten den bloodymary.biz webguneak, diska denda bateko nobedadeez askoz harago doa albisteak, iruzkinak eta kontzertuen agenda eskainiz. Punk rock musikari buruzkoa da gehienbat, ipunkrock.com webzinea den moduan.

Musika aukera askoz zabalagoarekin egiten da Bilbon M3.fm musika magazine digitala. Sarearen bidez konektatu behar gara aldizkarira baina ez dugu html orrialdeetan ikuskatuko. Aldizkariak PDF formatoan daude eta zenbaki bakoitza zip artxibo batean trinkotuta. Artxibo hori jaitsi, zabaldu eta Acrobat Reader programaren bidez ikusiko ditugu aldizkariko informazioak. Irakurri bitartean soinuak entzun daitezke, artikulu bakoitzean ageri den musikari dagozkionak.

Artikuluez gain, soinuak eta bideoak eskaintzeko aukera ematen du hedabide multimedia honek. Hala ere, arazoak sortzen dira honelakoengatik ordaindu behar izaten delako. Horregatik Muzikalia.com aldizkariak hainbat eduki kendu behar izan zituen SGAEren mehatxua jaso eta gero.

Baina dena ez da pop-rock musika sarean. Musika klasikoari dagokionez, classical.net webguneak CDen datu baseetarako sarbidea ematen du, aintzinako musikak ezagutzeko gida eskaintzen digu, ertaroko musika, berpizkundekoa, barrokoa, klasizismoa, romantizismoa, XX. mende hasierakoa eta modernoa.

Musika etnikoak eta munduko musikek badute euren eremua Interneten. Esaterako, mondomix.org atarian albisteak, kontzertuen kronikak, audio zein bideo zatiak eta diskoen iruzkinak eskaintzen dira ingelesez eta frantsesez. Beste batek, worldmusic.org atariak kontzertuak, posta zerrendak eta beste informazio batzuk eskaintzen ditu, batik bat AEBetako ekialdeko jendearentzat.

Musika mota batean interesatuta egonez gero, baditugu descarga.com bezalako webguneak. Berau Kubako musikari dagokion informazio iturririk osatuena da sarean eta Forbes aldizkariak best of the web aukeratua izan da bere edukien kalitateagatik.

Jazzak zaletu asko ditu, noski, eta bere atari berezia allaboutjazz.com da. Disko berriak, eztabaidaguneak, artikuluak, elkarrizketak eta egileen bilatzailea eskaintzen ditu.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner