2002ko irailak 26, Osteguna | Irristatzen |

Wi-Fi iraultza

Haririk gabeko konexioak nonahi eta doan

Ia txiripaz, sarearen azken kolpe gogorra ekarri du, printzipioz etxeko kableak ordezkatzeko sortutako sistema inalambrikoak. Leku txiki baterako pentsatuta, lantokian edo etxeko hormetan zulorik egin behar ez izatea lortzen da Wi-Fi sistema batekin.

Demagun modem bat edo, logikoagoa, ADSL konexio bat dugula etxean. Konexioari Wi-Fi emisora edo base bat konektatzen badiogu, etxeko edozein txokotatik konektatu ahal izango gara sarera, abiadura handiz gainera, gure ordenagailuan sistemaren hargailuarena egiten duen txartela ezarriz gero. Irrati uhinen bidez bidaiatuko dira datuak 11 megabit-eko abiadura ederrean. Funtsean, telefono mugikorren sistema bezala funtzionatzen du, antenarik hurbilenera konektatzen da gure mugikorra. Kasu honetan antena bakarra izango litzateke, gure etxean ezarri duguna.

Baina Wi-Fi sistemetako uhinak ez dira gelditzen gure etxearen kanpokaldeko hormetan eta hortxe dago iraultza honen gakoa. Potentzia txikiko irrati aparailuak izan arren, 50 edo 100 metroraino hel daiteke gure etxeko saretxo inalambrikoaren estaldura. Horrek esan nahi du auzokoak ere sarera konekta daitezkeela gure sistemaren bidez, printzipioz guk aldez aurretik gako bat eman baldin badiegu. Sistema erabat librea ezartzen badugu ez dute gako baten beharrik izango eta nahikoa hurbiltzen den edonork, bere ordenagailuan txartela ezarri badu, gure konexioa erabiliz nabigatu ahal izango du.

Are gehiago, sistema korapilotsuagoak sortzen ari dira, telefonia mugikorraren antzera, gure ordenagailu eramangarria edo PDA mugitzean konexioa antena batetik bestera aldatzen dutenak. Famatua da Portland-eko Community LAN edo saretxoen sare elkarbanatua, baina antzekoak daude beste hiri askotan, denak zerbitzua doan eskaintzen duten internauta zoroen ekimenez. Ideia honen harira eskaintza komertziala ere etorri da, Sky Dayton-en Boingo enpresaren eskutik. Erabateko estaldura ia ezinezkoa izango da, baina konexioa duten gune garrantzitsu batzuetan hasi da hedatzen, unibertsitate eta aireportu batzuetan kasu. Antena bereziak erabiliz eta seinalea anplifikatuz lor daiteke 100 metro horiek baino askoz ere distantzia handiagoetara heltzea (Txilen 35 kilometroko saiakera arrakastatsuak egin izan dira).

Telefonia enpresen erantzuna apala da momentuz, ez baitute pentsatzen Wi-Fi sistemek negozioa kenduko dietenik. Baina lortzen duten abiadura handiak eta, honi lotutako aplikazio berriek beti ateratzear dagoen mugikorren hirugarren belaunaldia ere irrigarri utziko dute. 802.11 izen teknikoagatik ere ezaguna den Wi-Fi sistema ezarri duen Dartmouth College unibertsitatean oso ikasle gutxik erabiltzen dute mugikorra, ez dute haren beharrik.

Egun, sarerako konexioa ematen dutenak konpainia gutxi eta indartsuak badira, etorkizunean mikro operatzaile asko izango direla iragartzen du Nicholas Negropontek. Sareko guru-ak Wi-Fi sistemak ekarriko dituen aldaketak iragartzen ditu Wired aldizkariaren urriko zenbakian.

Portland-eko esperimentua
sdots.com/wireless
Dartmouth College
www.dartmouth.edu
Wired
www.wired.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner