2002ko irailak 19, Osteguna | Irristatzen |

Spam amesgaiztoa

Gero eta lagun gehiago kaltetzen duen fenomenoa da Spam-a edo eskatu gabeko publizitate mezu elektronikoena. Jendearen pazientzia, denbora, eta konexioen banda zabalera kontsumituz, azken finean dirua gastarazten die haren biktimei.

Internauta hasi berria, sarean sartu eta beherala hasten da bere posta helbidea edonori ematen. Lagunei ezezik bidaia agentzia bateko albisteak jasotzeko edo rock talde baten gaineko berriak jasotzeko. Baina koittaduak gu! Promiskuitate horren ondorioz, hasieran kalkulatu ez genuen mezu zaparrada jasotzen hasiko gara laster, konektatuta ematen dugun denboran irakurri, klasifikatu eta ezabatzeko gai garena baino gehiago.

Baina hori hasiera baizik ez da eta larriena geroxeago helduko zaigu: eskatu gabeko zabor-publizitate mezuak. Ez dira guk eskatu genuen informazioa eta bidaltzailea ezezaguna zaigu. Mezuotan denetarik eskainiko digute: viagra online, telebista dekodifikatzaileak, web diseinatzaile errusiarrak, toner edo inprimagailu merkeak, unibertsitate diploma faltsuak... Eta sexua, sexua eta sexu gehiago, sarearen negoziorik handiena.

Lehenengo mezuak gure postontzira heldu orduko ziur egon gaitezke gehiago izango direla bidean eta dagoeneko gure helbide pertsonal hori spam-aren gurpil zoroan betirako jausi dela. Zabor mezuak edo junk e-mail izenaz ezagutzen den fenomenoa buruko min eta kexu gehienen iturria da internautentzat. Haren kontra sortu den CAUCE elkartearen esanetan, telefono bidezko marketing kanpainekin alderatu daiteke, norberak hartu behar baitu mezua jaso eta errefusatzeko lana. Etxeko postontzian agertzen diren paperezko publizitate mezuen antzeko fenomenoa da baina doan ateratzen zaio bidaltzaileari, horregatik du hain arrakasta handia.

Batzuetan, erantzuteko lana hartu eta Ğmesedez ez bidali mezu gehiagoğ, Ğremove meğ edo halako zerbait idatziko dugu. Txarto. Adituen arabera erantzun horiek bakarrik spamerrek helbide horretara doazen mezuak norbaitek irakurtzen dituela ziurta dezaten balioko du eta ez dute, hortaz, zerrendatik ezabatuko.

Posta helbideak saldu eta erosten dira. Horregatik jasoko ditugu
gero eta mezu gehiago. Mezu horietako batzuetan milioika e-posta helbide dituen CD bat eskainiko digute, hori erosiz gero nahi dugun mezua lagun askorengana helarazteko. Litekeena da gure helbidea ere bertan egotea.

Horren aurrean gomendatzen da gure helbide pertsonala ahalik eta gutxien zabaltzea. Baina neurriak jarrita ere, batzuetan inori eman ez diogun helbide hori spammerren sareetan jausten da. Dela lagun batek beste lagun bati bidalitako mezuan gure helbidea ere jarri zuelako, kate mezu horietako batean akaberan inoren eskuetan amaitzeko, dela spammerrek erregistratu genuen domeinu bat norena den begiratu eta bertan azaltzen den gure posta helbide pertsonala ilegalki hartu dutelako.

Baina spammer lotsagabeen ausardiaren azken adibideak jarduera honen kontrako araudiak agertzearekin batera etorri dira. Orain, zabor mezuetan this is not spam gisako mezuak datoz eta ustez zerrendetatik kentzeko balio duten remove aukerak ez dabiltza. Larriena gertatu da ustez spam-aren kontrako Trac izeneko webgune batean helbidea eman dutenek zabor mezuak jasotzen hasi direnean. Webmasterraren errakuntza bati egotzi diote horren ardura baina... Ez dago inorekin fidatzerik.

CAUCE
www.cauce.org
Trac
www.banthespam.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner