2002ko irailak 12, Osteguna | Irristatzen |

Ziberbiktimak

Pribazitatea urratu dute legeek eta poliziek

Esan ohi da gerra egoeran lehendabiziko biktima egia izaten dela. Pribazitatea haren ondoan jausi da bigarren dorrea bezala. Izan ere, urtebeteren buruan herritarron eremu pribatuaren urradura handiak izan dira, gobernuen ageriko jokabideek eta onartu dituzten lege berriek erakusten dutenez.

Reporters Sans Frontieres erakundeak bilakaera honen bilana egin du aurkeztu berri duen txostenean. Honen arabera, «terrorismoaren aurkako gurutzadaren ondorioz, esan daiteke Internet alboko kalteetako bat izan dela, askatasun digitalak pikatuak izan direla». Baina informazioak zentsuratzen eta herritarren mugimenduak jagoten ohikoak diren diktaduretan baino, bilakaera arriskutsu hori mendebaldeko demokrazietan gertatu dela nabarmendu du txostenak. Besteak beste, AEB, Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Espainia, Italia, Dinamarka, Europarko Kontseilua eta G8 taldea nabarmentzen ditu txostenak.

AEBetako EPIC eta Britainia Handiko Privacy International erakundeek urtero osatzen dute Privacy and Human Rights txostena. Herritarren babes maila aztertzen dute 50 herrialdetan, legeen egoera, erronka berriak eta gertaera edo gairik garrantzitsuenak nabarmentzen dituzte, pribazitatearen eta estatuen segurtasunaren arteko lehian.

Aurtengo txostenak gobernuek iazko irailaren 11tik izandako jokabideak aztertzen ditu, terrorismoaren aurkako borroka argudiatuz eta segurtasunaren izenean hartutako neurriak. Joera nagusiak dira era guztietako komunikazioen monitorizazioa, datuen babeserako legeen ahultzea eta gizabanakoen identifikazio eta klasifikazio sistemen zabaltzea.

Besteak beste, AEBetako Patriot Act, NBEren irailaren 28ko terrorismoaren aurkako ebazpena, George Bush-en hainbat dekretu, Europan aurtengo maiatzean onartutako telekomunikazioen babeserako araudiaren aldaketa, G8aren eta Europol-en gomendioak eta herrialde askotako parlamentuetan onartutako lege murriztaile berriak.

Guri dagokigunez, Europar Batasunak Ana Palazio ministro espainiarrak aurkeztutako proposamena eztabaidatuko du aurki. Kriptopolis aldizkari digitalean agertu denez, berau onartuz gero gobernuek eskuak libre izango dituzte faxak, telefono deiak, mezu elektronikoak eta sareko nabigazioen datuak kontrolatzeko eta gordetzeko. Lege honek badu aurrekaririk Espainian, urriaren 12tik aurrera indarrean sartuko den LSSI legean, baina askoz aurrerago joango da intimitatearen urraketa Europan proposamen hori onartzekotan. Komunikazio guztien erregistroa gordeko lukete estatuek 12 edo 24 hilabetez, datuok uneoro poliziaren esku jarriz. Estatuek ez lituzkete soilik nabigazio datuak atxikiko –zer webgune bisitatu dugun– baizik eta komunikazioen edukia ere ikuskatu ahal izango lukete. Jada altxatu dira neurri honen kontrako lehenengo ahotsak eta proposamenaren azterketa kritikoa egin du Statewatch webguneak, lehen aipatutako erakundeen baliokide europarrak.

www.rsf.fr
www.kriptopolis.com
www.epic.org
www.privacyinternational.org
www.statewatch.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner