2002ko uztailak 25, Osteguna | Irristatzen |
Party time
Informatika ez da nire gairik gustokoena baina egunotan Donostian izango den hitzordua gogoratu beharko dut. Euskal Party-ren 10. edizioa izango da gaurtik igandera. Bertan programazioan adituak diren ehunka, milaka gazte batuko dira, bakoitzak bere ordenagailua eramanda, bakoitzak bere programazio lanak besteei erakusteko.
Anoetako belodromoan bilduko dira aurten, hazkundearen seinale, elkarri musika, grafikoak, jokoak eta bestelako programazio lanak erakusteko. Trebezia neurtzen da hemen, kode mugatu batekin zeinek programaziorik erakusgarriena egin. Horregatik dira gazte hauek aspaldiko Amiga eta horrelako ordenagailu zaharren zaleak. Aisialdian ordenagailu berrien aukerak baliatzea ere maite dute eta horregatik dira hain Quakezale. Quake zer den ez dakienak galde beza gazteen artean, milaka ziberjunkie engantxatuta dituen ekintzazko joko ikusgarria baita.
Sarera bueltatuta, musika trukatzeko eskubidea airean dugu oraindik. Berriki Audiogalaxy zentsuratu zuten, ekainean, Napster berria bihurtuta baizegoen. Haren itxierak, ordea, Kazaa programaren ugaritzea ekarri du . Musika elkartrukatu nahi dutenek bide alternatiboak bilatzen ari dira eta badirudi aukerarik erabiliena bihurtu dela Kazaa. Ekainaren 18an publikoaren Webby saria eraman zuen Kazaak.
Gnutella truke sistemaren asmatzaile Gene Kan uztailaren 2an hilik agertu zen, 25 urte zituela, bere Kaliforniako apartamenduan. Erdigune zentsuragarria duten Napster edo Audiogalaxyren ondoan, Gnutella sistema horizontala da, hierarkiarik gabea eta, hortaz, zentsuragaitza. Jokoan dauden musika eta film industriaren milioiak kontutan hartuta, susmo txarrak zabaltzea normala da.
Alltheweb.com garatu duen enpresa norvegiarrak baieztatu duenez, google.com bilatzailea atzean utzi du haien produktuak. Beraien hitzetan, 2.095 milioi webgune ditu indexatuta, Googlek 2.073 dituen bitartean. Hala ere, hori egia izango balitz ere, Aspaldian atera den bilatzailerik onena izaten jarraituko du Googlek. Alde batetik, Alltheweb-en helbide baten alta emateko baino errazagoa da Googlen eta, bestetik, bilaketa egiteko modurik onena du Googlek, emaitzak garrantziaren arabera ordenatuta. Aurkibideetan Yahoo! edo Aurki.com-en atzean dagoen dmoz.org onenak, osatuenak diren bitartean, roboten artean Googlek atzean utzi ditu beste guztiak, baita sasoi batean robotik onena izan zen Altavista ere.
Baina uda jaietarako aro aproposa denez –ordenagailuaren aurrean egiten ez diren horiek noski– eta hauxe uda honetako azken hitzordua dugunez, abuztuan izango den Bilboko Aste Nagusia aipatuko dut. Izan ere, aurten 25 urte beteko dituzten konpartsek, oso arrakastatsua izango den diskoa argitaratzeaz gain, webgune txukuna osatu dute. Bertan egitaraua, konpartsa bakoitzaren gaineko informazioa, albisteak eta makina bat argazki aurkituko ditugu.
www.google.com
www.alltheweb.com
www.euskal.org
www.bilbokokonpartsak.com