2002ko ekainak 13, Osteguna | Irristatzen |
Gabba Gabba hey!
Dee Dee eta Ramones mania sarean
Iazko apirilaren 15ean hil zen Joey, eta urtebete beluago hil da Dee Dee Ramone, bere taldekide eta alegiazko anaia Ramone familia rockeroan. Sarean badira webgune franko haren gainean eta gehienetan ageri da albistea. Ramonesonline.com-en gertaeraren gainean egunotan argitaratu diren albisterik interesgarrienen bilduma dakar, nyrock.com-en edo rollingstone.com-en agertu direnak kasu. Azken honetan 1976ko elkarrizketa bat irakur dezakegu.
Bere herriko (Ramones New York-eko Queens auzokoak ziren) kultur erreferentzia nagusia den Village Voice egunkarian ere ageri da baxu jolearen obituarioa. Famatu egin ziren eta famatu egin zuten CBGB areto mitikoaren webgunean ere haren omenezko argazki sorta dago. Gurean ere, omenaldi xumea egin nahi izan dio gaubasa.com irratsaio-webguneak.
Belaunaldi bateko jendearentzat betirako geratuko da gogoan Dee Dee. Hala ere, duela urte batzuk Deustuko areto batera egin zuen bisita penagarria edo bere webgune pertsonal ofizialean ageri den Dee Dee baino nahiago dut Ramoneseko tipo gaztea gogoratzea: larruzko jaka, bakero apurtuak eta John Smith zikinak, baxua kolpatuz hiru nota jotzen etengabe.
Baina «mentalki 12 urteko mutikoak» zirela zioen Rolling Stoneko elkarrizketa hartatik denbora asko igaro da eta, nahiz eta horrek derrigorrez heldutasuna ekarri ez, aldatu ditu taldekideok. Johnny Ramone hasieratik izan omen zen negoziogizona eta taldearen amerikar harrotasunari ozeanoaren alde honetako punk-aren ikuspegitik ulertu ezin genuen nortasun fatxa hori ematen ziona. Reagan-en alde botoa ematen zuela aitortu zuen Johnny-k, baina Joeyren jarrera askoz aurrerakoia zen. Horiek izan ziren taldekiderik garrantzitsuenak. Laugarren Ramone-a, Tommy bateria jolea, ez zen hain ezaguna eta gainera geroago taldea utzi zuen Marky sar zedin. Azken honek hainbat proiektu ditu Interneten ikusgai, markyramonegroup.com webgunean kasu.
Joey defuntuaren webgune ofizialean bera hil ondoren ateratako lanen informazioa dago, Armstrong-en What a wonderful world kantaren bertsioaren bideoklipa eta merchandising asko. Heriotza ekarri zion linfoma gaitzaren kontrako fundazio bat ere aurkituko dugu joeyramone.com-en.
Baina Ramones taldea eta haren gogorapena da zaletu askoren inspirazio iturria, alemaniar batek ramones-club.de webgunean bildutako informazio piloa kasu: taldekide bakoitzak bere aldetik eginiko lanak eta taldearen diskografia osoa. Noski, hori ere aurki dezakegu ramones-discography.com helbidean, singleak, edizio bereziak eta berrargitalpenak bilduta. Finlandiar batek, berriz, albiste asko eta material bitxia biltzen du ramones.kauhajoki.fi bere webgune pertsonalean. Baina ikusgarriena, dudarik gabe, heyholetsgo.co.uk da, Flash animazioez betea.
www.deedeeramone.net
www.officialramones.com
www.ramonesonline.com
www.villagevoice.com
www.cbgb.com